Atzo abiatu zen 'Eutsi gureari!' Errigoraren kanpaina berria

Martxoaren 13a baino lehen egin behar dira eskaerak. Aurten Errigoraren webgunea izango da eskaerak jasotzeko bide nagusia. Ardo loteen eskaintza da aurtengo berritasunetako bat
Atzo abiatu zen 'Eutsi gureari!' Errigoraren kanpaina berria
2024/02/26 13:30
eta kitto!

Atzo Lezaun upategian eman zitzaion hasiera Errigoraren udaberriko kanpainari, 'Eutsi gureari!' lelopean. Martxoaren 13ra arte zabalik dago epea Nafarroako hegoaldeko oliba-olio birjina estra, arroza, pasta, kontserbak, lekaleak eta ardo loteak eskatzeko, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Errigoratik adierazi dutenez, "azken urteetako eskema errepikatuko dugu aurtengoan ere: urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen duguna eta, hortaz, oliba-olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dugu. Gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan eskainiko dira, arroza izan ezik, 6ko lotetan banatuko dena.

 

Berrikuntzak

Ardo loteen eskaintza da aurtengo berritasunetako bat.
• Ardo bereziak: Lote honetan Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien aukeraketa bat aurkituko duzue: sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur-ukitua mantentzen duten ardo erdionduak, beratze karbonikoko ardoak... Azken batean, ekonomikoa izan arren berezia den ardo sorta bat.
• Ardo gorenak: Lote honetan ardoen lan-ildo klasikoan murgiltzen gara. Eta bertan, ardo onduak aurki ditzakegu, dedikazio handiagoa behar duten elaborazio luzeako ardoak.
• Babarrun gorriak: Aurtengo eskaintzan ere babarrun gorriak aurkituko ditugu, ekologikoak eta konbentzionalak.

 

Kanpainaren funtzionamendua

Eskaerak martxoaren 13a baino lehen egin behar dira. Aurten webgunea izango da eskaerak jasotzeko bide nagusia: Hala ere, telefono bidez ere egin ahal izango dira eskaerak. Hegoaldetik deitzeko +34 848 87 12 23; Ipar Euskal Herritik, ostera, +33 532 09 35 45.

Apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran jasoko dituzte eskatzaileek produktuak bakoitzaren herrian, eskaera egitean aukeratutako gunean, zehaztutako egutegi eta ordutegian. Eibarren maiatzaren 14an egingo da banaketa, Untzaga zine zaharrean, 17:00-20:00 bitartean

Ordaintzeko moduari dagokionez, online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango da. Bestela, dena batera ordain daiteke, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da, elikadura burujabetzara bidean pausoak emateko aukera bat. Zehazki, otsailaren 25etik martxoaren 13ra kanpaina honetan parte hartuz:

  • Bertako elikagaien alde egingo duzu.
  • Euskara indartuko duzu.
  • Auzolana bultzatuko duzu.
  • Ekoizpenean bidezko harremanak sustatuko dituzu.

Euren esanetan, "elikagaien merkatuaren egoera oso gora-beheratsua izan da azken aldian, eta horrek guztiok harrapatu gaitu. Errigoraren ibilbide luze-laburrak irakutsi digu bestelako bideei ekiteko gaitasuna dugula. 10 urte horietan zehar ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehundaka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-emana da erakusle argia. Ametsak egi bihurtzea posible dela erakutsi dugulako, eutsi diezaiogun gureari!"