Erronka handiak asteburuan Eibar Eskubaloiko talde nagusientzat

Emakumeek Bera Beraren aurka jokatuko dute eta gizonek Romo izango dute arerio
Erronka handiak asteburuan Eibar Eskubaloiko talde nagusientzat
2026/02/04 18:19
Ekhi Belar Errasti

Asteburu honetan erronka handiei egin beharko diete aurre Eibar Eskubaloia klubeko talde nagusiek, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailan, taldeak Bera Beraren aurka jokatuko du, txapelketako aurkari indartsuenetako baten kontra, bihar, 18:45ean, Ipurua kiroldegian.

Donostiako taldea sasoi onean iritsiko da neurketara, eta ligako plantila osatuenetakoa du, Ohorezko Mailan aritutako jokalarien eta Urrezko Ohorezko Mailatik iritsitako fitxaketa baten ekarpenarekin.

Norgehiagoka erronka handia izango da, eta funtsezkoa izango da taldeak bere bertsiorik onena berreskuratzea. Akatsak minimizatzea, batez ere partidaren unerik zailenetan, giltzarri izango da emaitza baldintzatu ez dezaten. Taldetik diotenez, "helburua argia da: norberaren jokoan zentratzea eta taldearen nortasun-ezaugarrietara itzultzea, horrela garaipen baliotsu bat lortzeko aukerak izateko".

Bestalde, Gizonezkoen Lehen Nazionalean, Romoren aurkako partida garrantzitsua jokatuko du Eibar Eskubaloiak, bihar, 19:00etan, Ipuruan. Bi taldeak sailkapenaren goiko aldean daude, eta puntuak funtsezkoak izango dira. Romok bigarren postua sendotu nahi duen bitartean, etxeko taldeak badaki ezin duela hutsik egin borrokan jarraitu nahi badu.

Baja garrantzitsuek markatutako bigarren itzuli hasiera zailaren ondoren, ikusleen babesarekin, bi puntu oso garrantzitsu lortzea izango dute helburu eibartarrek.