Errotabarri Eskubaloikoek Mek-ekoak baino gehiago izan ziren Ipuruan

Errotabarri Eskubaloikoek Mek-ekoak baino gehiago izan ziren Ipuruan
2024/01/24 14:34
eta kitto!
Azken asteburu honetan beste porrot bat jaso du Mek Eibar Eskubaloia Zilarrezko taldeak, Errotabarri Eskubaloia taldearen aurka (15-20), oraingoan sentsazioa guztiz ezberdina izan den arren. Eibarko taldeak hasiera bikaina erakutsi zuen, partidurako zeukaten plana zehaztasunez gauzatuz. Defentsa funtsezkoa izan zen aurkarien kontraerasoak geldiarazteko, erasoan izandako pazientziak eta erabaki egokiek Andoni Perezen taldea borrokan mantendu zuten bitartean. Hala ere, atsedenaldira iritsi baino lehen egindako hutsegite pare baten ondorioz, eibartarrak bi gol behera eginda heldu ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia etengabeko borroka izan zen eibartarren aldetik partida berdintzeko eta garaipena lortzeko borrokan mantentzeko. Nahiz eta taldean lau baja baino gehiago izan eta bigarren sailkatuaren aurka jokatu, Zilarrezko neskek erabakitasuna erakutsi zuten eta ikuskizuna eskaini zuten Ipuruan, Eibarko zein Ermuko jendez gainezka egon zen norgehiagokan. Partidua amaitzerako jaurtiketetan izandako hutsegiteek ermuarren alde jarri zuten balantza.