Errotulazioa euskaraz jarri nahi duten merkatarientzat dirulaguntzak

Laguntzak emango dira errotulu nagusia euskaraz edo ele bietan jartzeko; lokalaren kanpoko eta barruko inskripzio finkoak euskaraz edo ele bietan jartzeko; edo irudi korporatiboko elementuak euskaraz edo ele bietan jartzeko.
Errotulazioa euskaraz jarri nahi duten merkatarientzat dirulaguntzak
2025/04/29 19:00
eta kitto!

Hiriko paisaia linguistikoan euskararen presentzia handitzeko asmoz, Udalak errotuluak euskaraz ipintzeko dirulaguntza-deialdia kaleratu du. Merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten establezimenduen kanpoko eta barruko errotulazioa euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeagatik Eibarko Udaleko Euskara sailak urtero ematen dituen dirulaguntzak dira. Eta ez hori bakarrik, irudi korporatiboko elementuetan  eta dokumentuetan euskara erabiltzeagatik ere ematen zaie laguntza ekonomikoa Eibarko establezimenduei.

Argitu dutenez, diruz lagunduko den gastua 2024ko azaroaren 14tik 2025eko azaroaren 15era bitartean egindakoa izan beharko da. Laguntzak hiru kontzeptu ezberdinetarako eska daitezke: errotulu nagusia euskaraz edo ele bietan jartzeko; lokalaren kanpoko eta barruko inskripzio finkoak euskaraz edo ele bietan jartzeko; edo irudi korporatiboko elementuak euskaraz edo ele bietan jartzeko. Eskaerak elektronikoki egin daitezke, udal webgunetik (www.eibar.eus). Informazio gehiago nahi duenak webgune horretan aurkituko du, “Tramiteak, bekak, dirulaguntzak” azpiatalean.