Ertzaintzak azido pikrikodun pote bat erretiratu du La Salle ikastetxetik

Azken egunotan EAEko hainbat eskolatan aurkitu dituzte substatzia hori zuten ontziak. Eibarren, 250 gramoko 1 aurkitu dute.
Ertzaintzak azido pikrikodun pote bat erretiratu du La Salle ikastetxetik
Ertzaintzak Eibarren aurkitu duen azido pikrikodun potea.
2026/07/02 12:01
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Atzo, uztailaren 1ean, Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak (UDE) 250 gramoko azido pikrikodun pote bat erretiratu eta neutralizatu zuen Eibarko La Salle ikastetxetik.

Duela urte batzuk substantzia hori oso ohikoa zen ikastetxeetako laborategietako praktiketan, eta, horregatik, ohikoa da produktu horren hondarrak geratzea. Azaldu dutenez, material hori, lehortzen denean eta solido bihurtzen denean, erraz lehertu daiteke, inpaktuarekiko, marruskadurarekiko eta beroarekiko oso sentikorra baita.

Eibar ez da substantzia hori aurkitu duten herri bakarra. Ertzaintzak jakinarazi duenez, duela egun batzuk EAEko hiru ikastetxetatik azido pikrikoa zuten hiru pote erretiratu zituen UDEk, Galdakaoko Elexalde institutuan, Derioko Txorierri BHIn eta Bilboko Miguel de Unamuno BHIn. Oraingoan, Eibarko La Salle ikastetxean, Getxoko Aixerrota BHIn, Bilboko Zabalburu Ikastetxean eta Gasteizko Miguel de Unamuno BHIn aurkitu dute substantzia hori.

Gauzak horrela, Ertzaintzak ohartarazi du substantzia hori ez dela manipulatu behar eta, halako poterik aurkituz gero, berehala jakinarazi behar zaiola, UDEko espezialistek segurtasunez erretiratu ahal izan dezaten.