‘Escalerillas, etxepe bat borrokan’ dokumentala ikusteko aukera barixakuan
Eibarko Asanblada Antifaxistak ‘Escalerillas, etxepe bat borrokan’ dokumentalaren emanaldia antolatu du barixaku honetan, maiatzaren 15ean, 18:00etan, Arrate Kultur Elkartearen lokalean. Dokumentalaren ostean, etxebizitzaren auzia landuko dute solasaldi baten bidez.
Dokumentalak Pasaiako Escalerillaseko auzia du ardatz, hain zuzen ere Trintxerpeko Herrera kaleko 11. eta 12. etxebizitzena. Auzoko bizilagunek duela hiru urte jakin zuten Portuak etxegabetu egin nahi zituela, etxeak bota eta bertan merkantziak garraiatzeko trenbide-sare bat egiteko asmoz. Auzokideek lau hamarkadatik gora daramatzate bertan bizitzen, eta hasieratik adierazi dute han bizitzen jarraitu nahi dutela.
Antolatzaileek Escalerillaseko familien eta gaur egungo etxebizitza-auziaren errealitatea ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak.