"Eskatu eskaini euskaraz. Betikoa. Gertukoa" kanpaina abiatu da

"Eskatu eskaini euskaraz. Betikoa. Gertukoa" kanpaina abiatu da
2021/11/18 16:13
eta kitto!
Merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak atzo. “Merkataritzan Euskaraz” izeneko kanpainaren helburua tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzea eta merkatari nahiz bezero euskaldunak aktibatzea da eta, asmo horrekin bat eginik, Eibarren ere “ESKATU ESKAINI EUSKARAZ. BETIKOA. GERTUKOA” kanpaina ipini da martxan.

Eibarko Udalak, ...eta kitto! Euskara Elkarteak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko eta merkatari zein bezeroak aktibatzeko abiatutako kanpainarekin. Errebal Plazan egindako herri mailako aurkezpenean, Udaleko, ...eta kitto! Euskara Elkarteko eta EMGI-ko ordezkariekin batera, inguruko hainbat merkatarik hartu zuten parte.

Kanpaina aste honetan, azaroaren 17an hasi da eta, horren harira, telebistan spotak, irratian iragarkiak eta Eibarko kaleetan banderolak ikusi ahal izango dira.

Ekimen hau hainbat eragilerekin elkarlanean bideratu da, eta Eibarrek bezala EAEko udalerri askok egin dute bat proiektuarekin. Kanpainaren arduradunen berbetan, “lehen hitza euskaraz egin dezaketen merkatariak eta bezeroak dira protagonista kanpaina honetan eta, bere bitartez, erosketak herrian, Eibarren bertan egitea eta, gainera, euskaraz egitea bultzatu nahi da”.

Gure denda eta tabernetan sarritan entzuten dugu “Jarri betikoa” esaldia. Konfiantzazko harremana dagoela adierazten digu esamolde horrek, gertukoa, betikoa... Kanpaina sus- tatu dutenen arabera, “horrela, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak, ‘Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ goiburuari jarraituta. Mezu hori da, hain zuzen ere, kanpainaren ardatza”.



Merkatarien parte hartzea

Kanpaina hau hainbat eragileren artean sustatutakoa izan arren, “ez luke zentzurik izango merkatarien parte hartzerik gabe”, nabarmendu dutenez. Hori dela eta, Eibarko merkatariengana jo dute, “kanpaina honen zabalkundean eta gure herriko denda eta tabernetan euskararen erabilera areagotzen lagun gaitzaten”. Eskaera horrekin eta kanpainari buruzko informazioarekin gutuna bidali diete merkatariei, aldez aurretik beraien babesarengatik eskerrak ematen.

Laster hasiko dira kanpainaren zabalkundea egiteko materiala banatzen eta merkatariei establezimenduan kartelak jartzeko gonbitea egingo diete. Horrekin batera, “kanpainaren mezuarekin bat egin eta bezeroekin, ahal den guztietan, euskaraz egin dezatela” ere eskatuko diete.

Atzoz geroztik kanpainari buruzko informazioa, spota eta kartela Eusko Jaurlaritzaren webgunean ikus daitezke, https://merkataritzaneuskaraz.eus-en eta sare sozialetan ere jarrai daiteke kanpaina . Kanpaina arrakastatsua izango dela, “eta guztion artean euskararen erabilera areagotzeko pausoak ematen jarraituko dugula” uste dute arduradunek.

Gertuko merkataritzari eta euskarari laguntzeko lanean

Eibarren, ...eta kitto! Euskara Elkarteak eta EMGIk, Udalaren babesarekin, kanpaina bereziak egin dituzte azken urteetan, bai euskara sustatzeko, bai bertako eta gertuko merkataritza bultzatzeko ere. Aurretik martxan ipini dituzten #EibarrenBadakagu eta www.erosieibarren.eus moduko egitasmoei “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpaina batuko zaie orain.