Eskola arteko bakailao lehiaketa eta Bacalaos Alkorta Pintxo Lehiaketaren finala jokatuko dira bihar
Udalaren eskutik egingo den lehiaketan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Eibarren ikasten ari diren neska-mutilek hartuko dute parte, adinaren araberako bi ataletan banatuta. Antolatzaileen berbetan, “DBH 1-2 atalean 44 bikotek eman dute izena, eta DBH 3-4 mailetan bost bikotek. Beraz, zozketa egin behar izan da lehen atalerako 35 bikote aukeratzeko. Beste mailan aurreizena emandako guztiak onartu ditugu”. Partaide guztiak goizeko 10:00etarako Errebal Plazan egon beharko dira, antolakuntzak jarritako osagaiak (Bacalaos Alkortak emandako bakailao kilo bat eta Unzante olio birjina estra) jasotzeko. Beste osagaiak eta sukalderako tresnak (kazuela barne) lehiakideek etxetik eraman beharko dituzte. Bakailaoa pil-pilean prestatu beharko dute, eta maila bakoitzeko bikote irabazleak 200 euro eta garaikurra jasoko ditu sari gisa.
Bacalaos Alkorta Pintxo Lehiaketaren finala 12:00etatik aurrera
Ikasleen arteko lehiaketa amaitu eta, jarraian, Bacalaos Alkorta VI. pintxo lehiaketaren show cooking finala hasiko da, Errebal Plazan bertan. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako pintxo lehiaketetako txapeldunak lehiatuko dira bertan, eta 12:00etatik 14:00etara saritutako pintxoak prestatzen arituko dira, jendaurrean. Besteak beste hor egongo dira Durangoko Kobikako Iñigo Kortabitarte, Suspiro izeneko pintxoarekin, eta Gasteizko Borda Berri erretegiko Mitxel Suarez, Txipihai izenekoarekin.