Eskola-kiroleko eta guraso elkarteetako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak izango dira aurten ere

Eskola-kiroleko eta guraso elkarteetako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak izango dira aurten ere
2023/09/20 13:09
eta kitto!

Afariketan programa eta Jacinto Olave ludotekarekin gertatzen den bezala, Eibarko Udalak bazterketa-arriskuan dauden familietako adin txikikoentzako laguntzak mantenduko ditu eskola-kirolean izena emateko eta Guraso Elkarteen kuotak ordaintzeko. Zehazki, eta eskatutako baldintzak betetzen badira, % 100eko dirulaguntza emango zaie eskola-kiroleko adingabeei. IGEen kuotari dagokionez, hark antolatzen dituen jardueretan parte hartzeko ordainketa eskatzen denean emango da dirulaguntza, eta zenbatekoaren % 100era iritsiko da, gehienez 140 euroko laguntzarekin.


Dirulaguntza jaso ahal izango dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta/edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (GGG) eta/edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) titularrak diren edo 2023ko urtarrilaren 31n Elikagaien Bankuaren programan sartuta dauden amek, aitek, tutoreek edo harrera-familiek. Gainera, eskatzaileak Eibarren erroldatuta egon beharko du 2023ko urtarrilaren 1ean, eta bere kargura eduki beharko du hiru baldintza hauek betetzen dituen adingaberen bat: 2 eta 17 urte bitartean izatea (2006ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean jaiotako adingabeak), Eibarren erroldatuta egotea 2023ko urtarrilaren 1ean eta eskola-kirolean matrikulatuta egotea eta/edo udalerriko ikastetxeren bateko guraso-elkarteren batean izena emanda egotea, betiere hark antolatutako jardueretan parte hartzeko kuota ordaintzea eskatzen bada.


Interesdunek  irailaren 25etik urriaren 20ra bitartean eskatu beharko dute dirulaguntza. INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN