Eskubaloi arratsalde zirraragarria biziko da bihar Ipurua kiroldegian
Bihar, otsailak 21, eskubaloi hitzordu bikoitza izango da Ipuruan. 16:45ean, Eibar Eskubaloiaren gizonezkoen taldeak Loyola hartuko du, joanekoan azken txanpan erabaki zen partida estu haren oroitzapenarekin. Nafarrak azken postuan dauden arren, salbazio aukerak bizirik dituzte, eta horrek are arriskutsuago bihurtzen ditu. Talde orekatua da Loyola, beteranoen esperientzia eta gazteen freskotasuna uztartzen dituena. Etxekoek hasieratik erritmo eta kontzentrazio handiz irten beharko dute, eta jaurtiketan eraginkorragoak izan, 60 minutuko sendotasuna giltzarri izango baita.
19:00etan, emakumezkoen taldeak Camargo izango du aurkari. Eibartarrek une zaila bizi dute, lau porrot jarraian pilatuta, baina taldeak lanean tinko jarraitzen du. Aurkariaren 5:1 defentsaren aurrean pazientzia eta erabaki onak beharko dira, baloi galerak saihestuz. Defentsan, berriz, joko dinamikoa duten jokalariak kontrolatzea izango da erronka. Aukera paregabea dute zaleen aurrean dinamika aldatzeko eta bi puntu garrantzitsu eskuratzeko.