Eskubaloi jardunaldi osoa izango da larunbatean Ipuruako Kiroldegian
Eskubaloiak protagonismo berezia izango du larunbatean, Ipuruako Kiroldegian. Eibar Eskubaloiko hiru taldek jarraian jokatuko dute etxean, eta klubak zaleak kantxara joatera animatu ditu taldeei hasieratik amaierara babesa emateko.
Jardunaldia 13:00etan hasiko da, gizonezkoen Euskal Ligako Senior B taldearen eta Muskizen arteko partidarekin.
Ondoren, 16:45ean, emakumezkoen taldeak Basauriren aurka jokatuko du Zilarrezko Ohorezko Mailako bigarren jardunaldian. Eibartarrek gol bakarragatik galdu zuten joan den larunbatean Castroren aurkako etxeko estreinaldian, eta oraingoan denboraldiko lehen puntuak lortzeko asmoz aterako dira kantxara.
Azkenik, 19:00etan, gizonezkoen lehen taldearen txanda izango da. Lehen Mailako taldeak Urdanetaren aurka jokatuko du laugarren jardunaldian. Eibartarrek ezin hobeto hasi dute liga, lehen hiru partidak irabazita, eta laugarren garaipena jarraian lortzea izango dute helburu.