Eskubaloiko bigarren taldeak Euskal Ligara igota borobildu zuen asteburua
Mek Eibar Eskubaloia B senior mailako gizonezkoen bigarren taldeak oroimenerako asteburua bete zuen Hondarribian jokatutako Euskal Ligara igotzeko fasean. Parte hartzen zuten lau taldeen artean faboritoena izan barik, eibartarrak nagusi izan ziren bi partiduetan: finalerdikoan 24-19 irabaziz Loyolari eta, bakarrarendako igoeraren saria jokoan zegoen finalean, Hondarribia etxeko taldeari 32-28 gailenduz. Azken emaitzetan aldea badago ere, horien ez dute ondo adierazten partiduetan izandako parekotasuna; hala ere, Mek Eibar Eskubaloikoek partidu bikainak egin zituzten bi egunetan, “urteko onenen artekoak”, modu arin eta kolektiboan jokatuz. Hondarribian izan ziren Eibar eskubaloiko zaletuek ere ondo gozatzeko aukera izan zuten, han bertan lehenengo eta gure herriko kaleetan ondoren. Datorren denboraldian, beraz, Lurraldeko 1. Mailan jokatu duen taldeak Euskal Ligan izango du erronka.