Eskubide Sozialen Kartia Untzagara etarako dabe bixar

Eskubide Sozialen Kartia Untzagara etarako dabe bixar
2014/02/14 00:00
eta kitto!

Aurreko eguaztenian presentau eben Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruan Eibarren biharrian daguan taldia, Kulturalian egiñ eben agerraldixan. Euskal Herriko beste herri askotan lez, eskubide sozialen kartiaren zirriborrua oiñarri modura hartuta, bertan idatzittakueri ekarpenak egitteko prozesuan buru-belarri sartuta dabiz egunotan eta bixar, goizeko 11.00etatik aurrera, zirriborruaren puntu inportantienak kalera etarako dittue, Untzaga plazan panelak ipiñitta. Bixarkuak helburu bi dakaz: jendiak Eskubide Sozialen Kartia eta zirriborruari oiñ arte egindako ekarpenak ezagutzia eta, horrekin batera, nahi dabenak bere ekarpenak egitteko aukeria eskintzia.
Eskubide zerrenda luzia jasotzen dau kartiak eta herritarron bizitzako esparru guztiak hartzen dittu kontuan: biharrari lotutako eskubidiak, elikadurari buruzkuak, hizkuntzaren ingurukuak, etxebizitza, parte-hartzia, kulturia, andrazkuak, aniztasuna… Uda aurretik ekin zetsen Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartia idaztiari eta oiñ kartiaren zirriborrua herrixetako batzordien esku dago, hamabi bloketan banatuta daguan borradoriaren inguruan biharrian jardun deixen. Eskubide Sozialen Kartia egitteko asmuaren barri emoten Eibarren, Hezkuntza Esparruan oin dala urtebete egon ziran eta, hori jakinda, oso perfil zabala dakan lantaldia eratu eben Eibarren. Azaldu deskuenez, "Euskal Herri maillan idatzittako zirriborrua herrixetako batzordietara zabaldu dabe, guk irakorri eta bertan jasotakuari zeozer gehittu, aldatu edo dana dalakuari egitteko aukeria eukitzeko. Eta horretan ibilli gara biharrian azken astiotan. Zirriborrua bloke diferentietan banatuta daguanez, guk be lantalde diferentiak antolatu dittugu, talde bakotxak bloke bana lantzeko. Bixar Untzagan ipiñiko dittugun paneletan, zirriborruak jasotako blokien barri emotiarekin batera, gure ekarpenak irakortzeko aukeria eukiko dau jendiak eta, jakiña, irakorrittakuari zeozer gehitzia nahi dabenak horretarako aukeria eukiko dau bertatik bertara".
Ekitaldixa edarto girotuta egongo da, gaiñera: Eibarko Kantuzaliak txistorra pintxuak saltzen egongo dira, 12.00xetatik aurrera eta tarteka kantaren bat edo beste eskinduko dabela aurreratu deskue. Horregaittik, herrittar guztiak animau nahi dittue bixar Untzagara gerturatu eta parte hartzera. Bestela be, baten bat zirriborruaren inguruan biharra egittera animau ezkero, Eibarko taldiarekin kontaktuan ipiñi leike eibarkokartasoziala@gmail.com helbidera idatzitta.
Herri maillan zirriborruari ekarpenak egitteko fase hori amaitzian, atzera be Euskal Herri maillara zabalduko dabe zirriborrua, ekarpen guztiekin batera, han lantzeko. Eta behin-betiko testua adostu baiño lehen, barriro herri maillako batzordietako kidien esku lagako dabe kartia. Azken pausua, Eskubide Sozialen Kartia ahalik eta parlamentu gehixenetara helaraztia litzake, gaixari eurak heltzeko.


Zergaittik?
- Botere ekonomikuak, gobernuak lagunduta, egin nahi dabena egitteko daken modu bakarra gizartiari erabagixetan parte hartzia ukatzia dalako. Horregaittik kartia batez be prozesu parte-hartzaillia izan bihar da.
- Euskal gizartiak zelako etorkizuna nahi daben eta oiñarrixan egongo diran eskubide ukaeziñak zeintzuk izan bihar diran erabagi bihar dau.
- Beraz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartia ez da papel hutsa, eredu ekonomiko eta sozial barrixa eraikitzeko funtsezko baliabidia baiño.