Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketaren bigarren jardunaldiko partiduak jokatuko dira Astelena frontoian

Eibarko Klub Deportiboko pilotariek etxean eta kanpoan jokatu beharko dituzte neurketak
Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketaren bigarren jardunaldiko partiduak jokatuko dira Astelena frontoian
2025/11/19 10:06
Ekhi Belar

Barixakuan emango zaio hasiera aste honetako karteldegiari Astelena frontoian. Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketaren partiduak jokatuko dira 18:15etik aurrera eta Del Rey jubenila izango da lehen eibartarra kantxan, Aretxabaletako Gonzalezen aurka aritzeko. Bigarren partiduan, kadete mailan, Amillategik Lazkaoko Alberdiren kontra jokatuko du.

Hirugarren partiduan, aurten federatu-lizentzia atera duen alebinetako baten txanda helduko da. Txapelketa honetako lehen fasean ligaxka jokatu da itzuli batera eta parte-hartzaile guztiek aurrera jarraitzen dute bigarren fasean, kanporaketetan: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. postuetan sailkatutakoek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta gainerakoek eskualdeko txapelketara pasako dira: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldeko Txapelketa.

Gauzak horrela, Arriolak, Eibarko klubeko ordezkariak, barixakuan jokatuko du Mendebaldeko eskualdeko txapelketako final-hamaseirenetako partida Azpeitiko Zendoiaren aurka.

Barixakuko laugarren partidan, jubeniletan, Varonak Tolosako Karreraren kontra jokatuko du Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida. Eta ondoren, Azpilikueta jubenila Zaldibiako Aranbururen aurka arituko da.

Barixakuko jaialdiari amaiera emateko, Amuategi seniorrak Urnietako Ezenarro izango du arerio.

 

Zapatu goizekoa

Zapatu goizean ere pilota partiduak jokatuko dira Astelenan. 10:00etan, Binakako Gipuzkoako Paleta Goma neurketa egongo da Deporrekoen eta Donostiko Altzatarren artean. Partida erabakigarria izango da talde bientzat mailari eusteko.

Horren ondoren, Condek Lazkaoko Etxegarairen aurka egingo du eskuz banakakoak eta, goizeko jaialdiarekin amaitzeko, binakako Negua Txapelketako lehen jardunaldiko partidua jokatuko dute Narbaizak eta Agirresarobek Alegiako Intxurre 2 bikotearen kontra.

Negua txapelketak bere bigarren edizioa ospatuko du denboraldi honetan, eta erantzun oso positiboa izaten ari da aurten kadeteetako zazpi bikotek, jubeniletako hiruk eta senior mailako hamahiruk izena eman dutelarik.

 

Etxetik kanpo

Etxetik kanpoko partidei dagokienez, Eskuz Banakako Gipuzkoa Txapelketako partidak egongo dira lehian: senior mailan, Ibarrak Beasainen jokatuko du bihar, 20:00etan, Usabiagaren aurka; Gil kadeteak Villabonako Zufiriaren aurka jokatuko du barixaku arratsaldean; Segurola jubenilak, Zestoan jokatuko du barixakuan Zabalaren aurka; Urkiagak Antzuolan jokatuko du Iturberen kontra; eta senior mailan, Gisasolak Tolosako Beotibarren jokatuko du Karreraren aurka.