Eskuz binakako eta paleta gomako partiduak jasoko ditu Astelena frontoiak asteburuan

Ostiralean lau partida jokatuko dira Eibarren eta domeka goizean beste bat goma paletan; gainera, klubeko bikote askok etxetik kanpo izango dituzte neurketak
Eskuz binakako eta paleta gomako partiduak jasoko ditu Astelena frontoiak asteburuan
2026/01/28 10:01
Ekhi Belar Errasti

Jaialdiari hasiera emango dion neurketa Gipuzkoako Txapelketako bigarren jardunaldiari dagokiona izango da. Infantil mailan, Arrieta eta Agote eibartarrek Soraluzeko bikotearen aurka jokatuko dute. Ondoren, Udaberri torneoko federatuen txanda iritsiko da: jubeniletan, Varona eta Del Rey bikoteak Oiartzungo Oiarpe 1 taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak, eta senior mailan, Amuategi eta Landa bikoteak ere Oiartzungo aurkariak izango dituzte parez pare.

Jaialdiari amaiera emateko, goma paletako partida ikusteko aukera izango da. Eibarko Guinea eta Lombrañak osatutako bikoteak Zumaiako ordezkarien aurka jokatuko du.

Igandean, berriz, 10:30ean hasita, goma paletako beste neurketa bat jokatuko da Udaberri torneoko hirugarren jardunaldian. Osa eta Urain eibartarrek Danok Bat klubeko bikotea izango dute aurkari.

Horrez gain, hainbat bikotek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan. Alebinetan, Arriola eta Segurola Oñatin arituko dira, eta Acha eta Uriarte bikoteak Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko du. Infantil mailan, Lizarralde eta Saez bikote eibartarrak Azkoitiko Gurea pilotalekuan izango dira. Kadeteetan, Amillategi eta Gil Lazkaon ariko dira ostiral arratsaldean. Seniorretan, Ibarra eta Conde bikoteak Oiartzungo Madalensoro frontoian jokatuko dute, eta Narvaiza eta Aguirresarobe Lazkaon izango dira aste honetan. Azkenik, jubeniletan, Segurola eta Urkiagak Hernanin defendatuko dute euren partida larunbatean.