Estaziño-Azitain paseoan zenbat diru erabili den argitzeko eskatu du ‘Ekialdea Bai’ auzo elkarteak
Jon Iraola Eibarko alkateari osoko bilkura batean Estaziño eta Azitain arteko paseoan zenbat diru erabili den argitzeko eskatu dio “No al paseo que nos entierra – Ekialdea Bai” auzo elkarteak. Elkartearen arabera, proiektuaren kostua nabarmen handitu da hasierako aurrekontuarekin alderatuta, eta herritarrek “modu zehatz, zuzen eta gardenean” ezagutu behar dute obran erabilitako dirua.
Auzo elkarteak zabaldutako datuen arabera, obra 2022ko irailean esleitu zen, 14.549.297 euroko aurrekontuarekin, BEZik gabe. Ondoren, ordea, proiektuak hiru aurrekontu aldaketa izan dituela adierazi dute, eta kostua 25.038.806 eurora igo dela, BEZa barne.
Elkartearen kalkuluen arabera, gainkostua 7,4 milioi eurotik gorakoa izan da, hau da, hasierako esleipenaren gainetik %42,2 gehiago.
Ekialdea Bai auzo elkarteak gogorarazi du Euskal Trenbide Sarea (ETS) ari dela obra gauzatzen, Eibarko Udalaren laguntzarekin, eta azpimarratu du paseoa inauguratu bada ere lanak oraindik ez direla amaitu. Gainera, aipaturiko datuek “zentzugabekeria ekonomiko itzela” erakusten dutela uste dute.
Azalpen gehiago eskatu dituzte
Auzo elkarteak azalpenak eskatu ditu, halaber, Udalak eta ETSk pasealekuaren paisaia eta ingurumen integraziorako azken hitzarmenaren inguruan. Akordio horren zenbatekoa 680.000 eurotik gorakoa dela nabarmendu dute, BEZik gabe.
Horrez gain, proiektuaren gastu osoaren banaketa xehatua eskatu dute, Europako erakundeen ekarpena, Eusko Jaurlaritzaren eta ETSren finantzaketa, Eibarko Udalaren ekarpena eta Estaziño eta Azitain arteko proiektu osoaren behin betiko kostua zehaztuta.
Elkartearen esanetan, informazio hori beharrezkoa da herritarrek “gastatutako dirua modu argi eta gardenean ebaluatu ahal izateko”.