…eta kitto! Euskara Elkarteak Batzar Nagusia egin du
Gaur arratsaldean, 19.30etarako deituta zegoen bigarren deialdian egin du urteko batzarra …eta kitto! Euskara Elkarteak. Aurretik baina, ezohiko batzarra egin da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazitakoari jarraituta, elkarteak estatutuak egokitu beharra zuen Batzar Nagusiari dagozkion eskumenen puntuan eta, beraz, ezohiko batzarrean onartu den lehenengo puntua estatutuei honako hau gehitzea izan da: "Presidentea, idazkaria eta diruzaina hautatzea eta kargujabetzea, bai eta kide anitzeko gobernu-organoko kideak ere, horrelakorik balego; halaber, kide anitzeko organoa gainbegiratu eta kontrolatuko du". Jarraian, Urteko Batzar Nagusiari hasiera eman zaio, 2011ko balorazioa bertaratutako bazkideei azalduta. Maider Aranberri …eta kitto! Euskara Elkarteko idazkariaren berbetan, "urte gogorra izan da, krisiaren ondorioz, baina uste baino hobeto eutsi diogu urteari. Berbetan programa indartu da eta Gurasoak Berbetan programa zabaldu egin dugu. Irailaz geroztik Eibarko ikastetxe guztietara zabaldu da parte-hartzeko aukera. Horrekin batera, Gurasoak Berbetan Eguna izan zen abenduaren 3an, Euskararen Egunean. Uste baino parte-hartze handiagoa izan genuen eta egunean bertan, Berbetan taldeetako hainbat kidek Mintzodromoan parte hartu zuten. Eguraldia lagun izan dugu autofinanziaziorako ekitaldietan".
Iazko maiatzaren 25ean lehenengoz egin zen Transmisioaren Mintegia ere gogoan izan dute: "80 bat lagun batu ginen Portaleko areto nagusian eta parte-hartzaileen balorazioa oso positiboa izan zenez, euren eskaerari erantzunez aurten ere egingo da".
Debabarreneko proiektuari buruz ere egin da berba: "Iazko Batzar Nagusian azaldu genuen Goiena enpresak ziharduela Debabarreneko proiektua talde eragilearekin lantzen eta irailean aurkeztu zuten lana. Zuzendaritzak bisio etamisioarekin bat egin zuen, baina bideragarritasuna ez zuen ondo landua ikusi. Talde eragileak hartu zuen lan hori egiteko konpromisoa".
2012rako proposamenak aurkeztu dituzte ondoren: Debabarrenari dagokionez, talde eragileak ekainerako aurkeztuko du proiektuaren produktuen diseinua eta bideragarritasuna eta, zuzendaritzak onartuz gero, uztailean ekingo litzaioke hurrengo faseari.
Bestalde, ikastetxeek eurek proposatutakoari jarraituta, eskaintza LH1 eta 2ra zabaltzeko asmoa dagoela aurreratu dute eta Dendariak Berbetan egitasmoa udaberrian martxan jartzeko azterketa prestatzen dihardute. Bestalde, euskalgintzarekin elkarlanean, urte birik behin egiten den moduan maiatzaren 19an Tantanez Tantan, Urkizutik Untzagara bitartean giza-katea osateko ekitaldian izango da …eta kitto! Eta Gaztedia sailari buruzko hausnarketa egiten dihardutela ere azaldu dute batzarrean. Bestalde, 2012rako bazkidetza kuotak 2'40ko KPIari jarraituta eguneratzea onartu dute bazkideek. Beraz, 2012rako bazkide kuotak honako hauek dira: 4'52 euro 16 urtetik beherakoentzat, 10'16 euro langabetu, ikasle, jubilatu eta etxekoandreentzat eta 40 euro beharrean dagoenarentzat.
Galdera eta iradokizunen txandaren ostean, zuzendaritzarako proposamena onartu da eta, horrela, Ana Aranberrik eta Gaizka Bilbaok zuzendaritza laga ondoren, horrela geratu da zuzendaritzaren osaketa: Igone Lamarain (presidentea), Moisés González (presidente-ordea), Maider Aranberri (idazkaria), Marisol Uriarte (diruzaina) eta Mireia Agirrebeña, Ainara Argoitia, Isabel Arregi, Juan Barahona, Imanol Bergara, Julian Fernández, Fermin Lazkano eta Koldo Mitxelena (bokalak).