...eta kitto! Euskara Elkarteak Urteko Batzarra egin du
Gaur iluntzean (eguena, hilak 20) egin du …eta kitto! Euskara Elkarteak Urteko Batzar Nagusia, aldez aurretik bazkideei ezazgutzera emandako gai-zerrendari jarraituta. Igone Lamarain, Koldo Mitxelena eta Maider Aranberri zuzendaritzakideek 2013. urtearen inguruko balorazioarekin ekin diote bilerari: diru-laguntzetan izandako jaitsiera nabarmenaren eraginez (Eusko Jaurlaritzatik 18.000 euro gutxiago jaso ditu elkarteak) urte gogorra izan dela azaldu dute, baina bestalde publizitateak harrera ona izan du eta herritarren babes handia somatu da, besteak beste Gabonetako otarraren zozketarako txartelak saltzerako orduan. Horrekin batera, instituzioekin hartueman zuzena lortu da eta, gainera, iazko jeitsiera larregizkoa izan dela onartu dute Jaurlaritzan. Urtean zehar landutako proiektu nagusiei errepasoa eman eta gero, balantze ekonomikoa bazkideei aurkeztu eta 2014rako proposamenak azaldu dizkiete eta 2014rako aurrekontua onartu da (hauen guztien inguruko informazio zehatzagoa bihar bertan webgunean aurkituko duzue, baita datorren asteko aldizkarian ere).
Horrez gain, 2014rako bazkidetza kuotak eta zuzendaritza berria onartu dituzte batzarrean. Bazkidetza kuotak KPI-a aplikatuta igotzen joan dira urtetik urtera, baina inguruko beste elkarteen kuotak begiratzen ibili eta gero, …eta kitto!-koak denen artean bajuenak direla ikusi eta aurtengo proposamena bestelakoa izan da: 2013-ko kuotak biribildu eta aurtengo igoera pixka bat altuagoa, KPI-aren gainekoa izatea proposatu dute. Bazkideek proposatutakoa onartu dute eta, beraz, erabaki horri jarraituta hauek izango dira 2014rako bazkidetza kuotak:
- 16 urtetik beherakoentzat 5 euro.
- Langabe, ikasle, jubilatu eta etxekoandreak 15 euro.
- Biharginak 45 euro.
Eta batzarra amaitu baino lehen, bazkideek ontzat eman dute zuzendaritzarako aurkeztu duten proposamena: Igone Lamarainek, Fermin Lazkanok eta Leire Narbaizak zuzendaritza lagatzea erabaki dute eta, beraz, zuzendaritza honako hauek osatuko dute aurrerantzean:
- Presidentea: Juan Barahona
- Presidente ordea: Moises Gonzalez
- Idazkaria: Maider Aranberri
- Diruzaina: Marisol Uriarte
- Bokalak: Aitor Alberdi, Ainara Argoitia, Unai Campo, Julian Fernandez, Josu Mendikute, Koldo Mitxelena, Ekaitz Olaizola eta Ane Urkiola.