…eta kitto! Euskara Elkarteak urteko batzarra egin du

…eta kitto! Euskara Elkarteak urteko batzarra egin du
2016/03/17 21:04
eta kitto!
Gaur arratsaldean egin du …eta kitto! Euskara Elkarteak Urteko Batzar Nagusia, batzarrerako deialdian jasotako gai-zerrendari jarraituta. 2015. urtearen inguruko balorazioarekin ekin diote batzarrari Ainara Argoitia elkarteko presidenteak, Maider Aranberri idazkariak eta Ainara Labado elkarteko normalizazio arloko arduradunak. Esan dutenez, "urte emankorra izan zen iazkoa. Berbetan programak lehen aldiz diru-laguntza jaso zuen eta hainbat berrikuntza egiteko aukera izan genuen: besteak beste Txikitto! hilabetekaria koloretan kaleratzen hasi ginen, webgune berria abiarazi genuen eta astekariaren diseinua ere aldatu eta berritu genuen".
Egoera ekonomikoari dagokionez, diru-laguntzak handitu zirela azaldu dute, Berbetan-ek 50.900 euroko partida berezia jaso zuen Udaletik, astekariko publizitateari lotutako diru-sarrerak %9,65 igotzea lortu zen eta bestelako lan bereziak (itzulpenak, hitzaldiak…) ere ondo joan ziren. Horrekin batera lan-taldeak proiektuak aurrera ateratzeko egindako ahalegina eta herritarrek emandako babesa nabarmendu dituzte.
Azaldutakoaren arabera, Berbetan egitasmoak hazkunde nabarmena izan zuen parte-hartzaile zein eragileen tipologian: ostalariak, dendariak, gurasoak, orokorra… Programa sendoa izatea lortu zen eta bere inguruan ekintza osagarri ugari antolatu ziren. Bereziki aipatzekoa da EUSKARAZ PRIMERAN! kanpainak izan zuen harrera ona: 2015eko abenduan 74 taberna eta 201 denda zeuden parte hartzen.
2016. urteari begira egindako proposamenak Berbetan egitasmoaren bilakaera nabarmena aurreikusten du: "22 talde daude martxan, 110 lagun baino gehiagorekin. Euskeraz Primeran! kanpainaren inguruko datu-bilketa egiten hasi gara kanpainarekin bat egin duten 360 establezimendutan eta tabernetan euskeraren erabilera neurtuko dugu, besteak beste".
Horrez gain, Txikitto!-rako irudi berria aukeratzeko lehiaketa abiatu da eta publizitateari etekin gehiago ateratzen ahalegintzeko asmoa azaldu dute, "batez ere webgunearen bitartez".
Batzarrera joan diren bazkideek 2016rako bazkide-kuotak iazko berdinak izatea onartu dute: 16 urtetik beherakoentzat 5 euro; langabea, ikasle, jubilatu eta etxekoandreentzat 15 euro; eta beharginentzat 45 euro.
Eta, horrekin batera, iazko zuzendaritzari eutsiko zaio aurten ere: Ainara Argoitia (presidentea), Moisés Gonzalez (presidente-ordea), Maider Aranberri (idazkaria), Marisol Uriarte (diruzaina) eta Ana Aizpurua, Leire Alberdi, Aitor Alberdi, Ainara Argoitia, Julian Fernandez, Jon Mardaras, Ekaitz Olaizola eta Ane Urkiola (bokalak).

UBN 2
UBN 3