...eta kitto!-k irailaren 26ko greba deialdiarekin bat egingo du
Biharko, irailaren 26rako deituta dagoen greba orokorrari babesa adierazteko manifestazioa egin da Eibarren gaur arratsaldean (martitzenean, hilak 25ean), "Irtenbidea badago. Eraldaketa soziala eta burujabetza" idatzita zuen pankartarekin, EH Bilduk deituta eta Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, LAB eta EHNE-ren babesarekin.
Eguaztenerako (hilak 26rako) Madrilgo gobernuaren murrizketak salatzeko greba orokorra deitu dute ELA eta LAB sindikatuek, beste hainbat eragile sozialekin batera. Horren harira, eguerdian hiriburuetan manifestazioak egingo dira (Donostiara joateko autobusa 10.30etan irtengo da Ego Gainetik) eta arratsaldean, berriz, eskualde mailako manifestazioak egingo dira. Eibarren 18.00etan hasiko da, Untzagan.
…eta kitto! Euskara Elkarteko beharginok ere greba deialdiarekin bat egingo dugu eta, horregatik, bihar ez dugu beharrik egingo. Grebari buruzko albiste eta bestelakoak eguenetik aurrera irakurtzeko aukera izango duzue.