…eta kitto!-ren gabonetako otarra aurkeztu dute
Gaur eguerdian (eguaztena, hilak 8) aurkeztu dute …eta kitto! Euskara Elkarteak gabonetan zozketatuko duen otarra. Aurkezpena El Corte Ingles-ean egin dute, abenduaren 17an zozketatuko den 2.000 euroko balioa duen otarra berak babesten duelako. Otarrak izango dituen produktu guztien zerrenda zehazteke dago, baina iazko moduan kalitate handiko produktuekin osatuta egongo dela aurreratu dute. Besteak beste 42 pulgadako telebista, turroiak, urdaiazpikoa, gazta, txorizoa, ardoak, xanpaina, rona… izango ditu.
Zozketarako tiketak urriaren 18an hasiko dira saltzen, euro baten, ohiko denda, taberna eta establezimenduetan, baita …eta kitto!-ren egoitzan eta El Corte Ingles-ean ere. Horrez gain, asteburuero kalera irtengo gara, Toribio Etxebarriako El Corte Ingles inguruan txartelak saltzera eta aurten, gainera, auzoetan ere ibiliko dira saltzen.
Maider Aranberri …eta kitto!-ko idazkariak azaldu duenez, "iaz 8.500 boleto saldu genituen eta benetan eskertzekoak dira eibartarrengandik jaso genuen babesa eta laguntza. Horri esker lortu genuen gure proiektu guztiei eustea, baina oraindik ere egoera ez da nahiko genukeen bezain ona eta, horregatik, berriz ere babesa eskatu nahi diogu jendeari. Urtean zehar jarduera asko antolatzen ditugu (hitzaldiak, mintzapraktika taldeak, aldizkaria, ikerketak…) eta horietako gehienak diru-sarrerarik ez emateaz gain gastua ere eragiten dute. Horregatik, horrelakoak antolatzen jarraitzeko otarraren zozketa modukoak antolatu behar ditugu". Euskara Elkarteko bazkideei ere dei egin nahi zaie, txartelak saltzera animatu daitezen.
El Corte Ingles-aren izenean berba egin duen Joana Fernandez, bestalde, pozik azaldu da elkarlanarengatik eta "herrian euskeraren alde egiten diren ekintzei" laguntzeko euren konpromisoa berretsi du.