Etorkizuneko izarrak distira egitera etorriko dira Valenciaga Oroitzarrera igandean
Eibar txirrindularitzaren erdigune bihurtuko da beste behin 55. Valenciaga Oroitzarrea lasterketarekin. Errepideko Espainiako Koparako proba baliagarria izango da eta, ondorioz, estatuko zaletu mailako txirrindulari gazte onenak izango dira bertan. Atzo egin zuten lasterketaren aurkezpena Eibarko udaletxean eta antolatzaileek txirrindularitza festa handia bizitzea espero dute.
Lasterketa Toribio Etxebarria kalean hasi eta amaituko da (09:00etan hasi eta 13:00ak inguruan amaitu) eta txirrindulariek 159,3 km-ko ibilbideari egin beharko diote aurre. Ibilbideak, gainera, ez du atsedenik emango, bidean hainbat mendate igo behar izango dituztelako: 3. mailako Itziar, Meagas, Areitio eta San Miguel (hau helmugarako 13 km-ren faltan); 2. mailako Elgeta; eta 1. mailako Ixua (garaipena lortzeko gakoa izan daitekeena).
Maila honetako lasterketa askotan bezala, ikuskizuna izaten da nagusi Valenciagan. Erritmo bizia nagusitzen da, erasoak daude etengabe eta taldeko estrategiek garrantzia izaten dute, azken hitza txirrindularien indarrak izaten duelarik.
Errepide bazterrean egoteko aukerarik ez baduzue, lasai, lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo delako Eibarko Txirrindulari elkartearen YouTube-ko kanalean.
Izen historikoak
Valenciaga Oroitzarrearen lehen edizioa 1972an egin zen eta Jose Luis Viejo izan zen garaile bertan. Harrezkero, izen handiko txirrindulariak pasa dira lasterketatik, batzuek garaipena ere lortuz, baina batez ere gero profesionaletan beharrezkoa izango zuten esperientzia jasoz.
Hauek dira lasterketak izan dituen irabazle batzuen izenak: Julian Gorospe (1981an), Jokin Mujika (1982 eta 1983), Javier Murguialday (1985), Jose Luis Rubiera (1994), Unai Osa (1996), Oscar Freire (1997), Joaquim ‘Purito’ Rodriguez (2000), Mikel Nieve (2007), Eduard Prades (2012), Jon Barrenetxea (2020), Pau Miquel (2021) eta Pablo Castrillo (2022).
Podiumera ere izen ezagunak igo dira: Pedro Horrillo, Igor Astarloa, Juan Antonio Flecha, Iban Mayo, Andrey Amador, Richard Carapaz, Roger Adria eta Igor Arrieta, adibidez.
Trafikoan aldaketak
Txirrindulariak bi aldiz igaroko dira Eibartik: lehenengoan, 12:15ak aldera iritsiko dira Ermutik, eta Otaola Hiribidea eta Barrenengua kaleak pasatu ondoren, Amaña auzora sartuko dira eta Ixuarantz igoko dira; bigarrenean, Maltzagatik Azitainera iritsiko dira eta, saihesbidetik Estaziño kalera sartu ondoren, Toribio Etxebarria kaleko helmugara iritsiko dira. 13:00ak aldera heltzea espero da.
Seinaleei behar bezelako arreta jartzeko eskatzen zaie gidariei.