Etxe hutsen autuan udal gobernua EAJ eta PP-ren nahietara makurtu dela salatu du Bilduk
Hutsik dauden etxebizitzen IBIaren inguruko batzorde berezian, "Eibarko gazteen alde jokatu beharrean interes pribatuak babestu" dituztela salatu dute gaur (astelehena, hilak 7) prentsaurrekoan Eibarko EH Bilduko ordezkariek, aplikatu nahi zitzaien errekargua guztiz "deskafeinatu" eta, ondorioz, etxebizitzak alokatzeko trabak handitu direla gaineratuta: "2013ko tasetan etxe hutsen errekargua atzera bota eta gero, Eibarren alokairua bultzatu nahi duen neurri hau guztiz desitxuratuta geratu da, PSE-k men egin dielako EAJ eta PP-ren argumentuei".
Uda baino lehen gaia landuko zuen batzordea sortu zen eta EH Bilduk errekargorik ez aplikatzeko arrazoizko neurri batzuk (alokairuan zeuden etxebizitzak edo jabea erresidentzian enpadronatuta egotea) sartzea proposatu zuela azaldu dute: "Batzordea aurrera joan ahala EAJ-k proposatu adina salbuespen onartu dira eta azkenean nahikoa izango da etxe bat 15 egun urtean erabiltzea, errekargorik ez aplikatzeko. Gaur egun Eibarren 1.200 etxetik gora hutsik daude. Bien bitartean Eibarko gazteek zailtasun handiak dituzte etxe bat alokairuan hartu eta Eibarren bizitzen geratzeko. Udal gobernuak horrelakorik ez gertatzeko neurri zuzentzaile bat aplikatzeko aukera izan du, baina horren alde egin beharrean, nahiago izan du etxe bat baino gehiagoren jabeak direnak babestea".
EH Bilduk "hasiera hasieratik etxe hutsei aplikatzen zaien errekarguarekin alokairu politikak aplikatzea proposatu duela" azpimarratu dute eta, Bergaran lez, jasotako diruarekin alokatzaile eta alokatu nahi duen pertsonaren arteko bitartekaritza lanak bultzatu nahi dira, alde bien interesak babestuta. Baina PSE-k nahiago du etxeak egiteko Egazelain edo Bolinguan moduan mendiak suntsitzea, zonalde zaharkituak zaharberritu edo etxe hutsak merkatuan ipintzea baino. Non dago ezkerreko politika etxebizitza plangintza honetan?".