Etxegabekotasunaren arazoarekin amaitzea helburu duen END plataforma eratu da

Arrate Kultur Elkartean martitzenean egindako agerraldian eman zuten ezagutzera.
2024/11/28 18:05
eta kitto!

Etxegabetasunaren arazoari konponbidea emateko bokazioarekin eratu berri den END plataformak Bertol Brechtek 1931n idatzi eta 1989an Mikel Laboak "Gaberako aterpea" abestian musikatu zituen bertsoak gogora ekarrita ekin nahi izan dio bere bideari. Aurkezpenean esandakoari jarraituz, “gaur egun, orduan bezala, etxegabetasuna konpondu gabe dagoen gaia da gure gizartean. Beraz, indarrak batu nahi ditugu, gure kaleetatik eta auzoetatik errealitate bidegabe hau ahal den neurrian desagerrarazteko. Justizia sozialarekin eta elkartasunarekin konprometituta, plataforma batean indarrak batzea erabaki dugu, hainbat arlotatik datozen pertsonak, hain beharrezkoa den lan honetan batu ahal izateko. Helburu nagusia etxegabetasun-egoeran dagoen inork kalean lo egin behar ez izatea da. Era berean, hain bidegabea den errealitate hau aldatu nahi duzuen guztioi, plataformara hurbiltzeko deia egiten dizuegu.Beharrezkoak zarete, eta ongi hartuko zaituztegu”.
Aurkezpena egin berri, gaur bertan emango dute hurrengo pausoa: Eibarko Udalean 19:00etan Osoko Bilkura hasiko dela aprobetxatuz, amaieran herritarrek galderak egiteko egoten den tartea baliatuko dute beraien eskaerak udal ordezkariei helarazteko. Hori dela eta, herritarrei Untzagan elkartzeko dei egin dute.