Etxeko hiru bolari sei saritutakoen artean Asola Berriko tiraldian

Aste Santua dela eta, zapatu honetan ez da tiraldirik izango
Etxeko hiru bolari sei saritutakoen artean Asola Berriko tiraldian
2025/04/15 13:10
eta kitto!

Aurreko zapatuan Eibarko bolatokian jokatutako jaurtialdian 67 bolarik hartu zuten parte guztira, eta Asola Berrikoek oso ondo erantzun zuten etxean jokatu zuten lehian. Horrela, Bittor Ugarteburu nagusitu zen, sei txirlo botata, kopuru bera lortu zuen Floreagako Erik Muñozen aurretik. Hirugarren geratu zen Anartz Esteban eibartarra, bostekin, laugarrena San Migueleko Iker Izagirre izan zen eta bosgarren sailkatu zen Asola Berriko Pablo Davila ere, azken bi horiek lau txirlo botata.

Emaitza horiekin, 54. Gipuzkoako hiru-txirlo Txapelketako sailkapen nagusian Bittor Ugarteburuk alde polita hartu du lidergoan, lau txirlo ateratzen baitio Anartz Esteban taldekideari. Asola Berriko bi ordezkarien atzetik Xabier Loiola (San Miguel) eta Oier Azumendi (San Andres), hauek bost txirlora. Bikoteka eta taldeka Elgoibarko San Miguelekoak dira nagusi une honetan, Asola Berrikoen aurretik. 

Aste Santua dela eta, zapatu honetan ez da tiraldirik izango, eta hurrengoa, txapelketako seigarrena, Elgoibarko San Pedroko bolatokian jokatuko da hilaren 26an.