Eukalipto-sail bat bertako baso bihurtzeko proiektua ezagutzeko irteera antolatu dute Eibarren
Eibarko Baso Biziak eta Lurgaia Fundazioak irteera didaktikoa antolatu dute azaroaren 22rako, Lurgaiak Eibarren erosi berri duen baso-lurra ezagutzeko. Bisita 10:00etan hasiko da, Txontako aparkalekuan (kantxaren ondoan), eta eukalipto-sail bat bertako baso bihurtzeko proiektua izango dute ardatz.
Irteeran, lursailaren egungo egoera ezagutzeko eta bertako basoa berreskuratzeko aukerak aztertzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Antolatzaileek azaldu dutenez, bisitan proiektua aurkeztuko dute, eta eukalipto-sail bat bertako espezieez osatutako baso anitz bihurtzeko erronkak eta aukerak landuko dituzte.
Ekimena baso autoktonoak berreskuratzeko eta leheneratze ekologikoa sustatzeko helburuaren barruan kokatu dute Eibarko Baso Biziak eta Lurgaia Fundazioak. Halaber, natura-ondarea zaintzeko erakundeen eta herritarren arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, eibarkobasobiziak@gmail.com helbidera idatzita.


