Euriak eta haizeak hainbat kalte eragin dituzte

Euriak eta haizeak hainbat kalte eragin dituzte
2013/01/15 00:00
eta kitto!

Azken egunotan etenbarik botatzen diharduen euriak, haize bolada bortitzekin batera, hainbat kalte eragin dituzte gure herrian. Gaur bertan Eibartv.com-ek grabatutako irudietan Ego errekak daraman ur emaria ikus dezakezue. Gaur eguerdira bitartean (martitzena, hilak 15) hauek izan dira udaltzainek, Mankomunitateak eta udal lantaldeak erregistratutako gertakariak:

- Atzo (astelehena, hilak 14) 14.25ak aldera, Urkizu pasealekuan ur-putzua sortu zen eta ura hainbat dendatara sartzeko arriskua zegoen. Mankomunitateko beharginek isurbideak garbitu zituzten.

- Arraten tximista jausi eta argindarraren koadroa urtu zuen. Ondorioz, argi barik geratu ziren hainbat tokitan.

- Gauerdian Barrena kaleko enpresa batera ura sartu zen. Su-hiltzaileek hustubideak garbitu  dituzte.

- Haizeak udaletxeko arkupeetan kanpoko aldera begira jarrita zeuden gerrako umeen argazkiak bota eta apurtu egin ditu. Oso hondatuta zeudela ikusita udal lantaldeko beharginek kendu egin dituzte.

- Saihesbidearen alboetako batean arbola bat jausi da, baina ez du eraginik izan trafikoan.

- Mankomunitateak goizeko 05.30ak aldera ekin dio beharrari, euriak eraman dituen arbola-orriekin trabatuta zeuden arketak-eta garbitzen.

- Barixakuaz geroztik udal lantaldea Unbe, Txonta, San Kristobal eta Matxariako errekastoak garbitzen ari da, ur asko datorrelako.


- Galiziako Etorbidean, Arratebiden eta Azitaingo industrialdean lur-jausi txikiak izan dira.