Euskal Herri osoko 93 bikotek hartuko dute parte Amañako VI. Pilota Torneoan
Luis Narbaiza eta Agus Gomez Amaña es la Caña-ko kideek azpimarratu dutenez, auzokoen eskutik orain dela urte batzuk sortutako txapelketa honek geroz eta parte-hartzaile gehiago dauzka: “Lehen edizioa 2017an antolatu genuen eta, orduan, hamasei bikotek eman zuten izena. Laugarren edizioan, berriz, 57 bikote aritu ziren, eta bosgarrenean 81 bikote. Izen-emate kopuru hori gainditzea oso zaila ikusten genuen, baina aurreikuspen guztiak gaindituz, VI. edizio honetan 93 bikotek eman dute izena”. Antolatzaileen berbetan, “gure asmoa txapelketa erakargarri bat antolatzea zen, bestelako asmorik gabe, baina, gaur egun, hortik haratago doa txapelketa, benetako erreferentea bilakatu baita. Izan ere, klub askoretzat topagunea ere bada”. Antolatzaileek esan dutenez, Euskal Herri osoko pelotariak aritzen dira txapelketa honetan, eta aurten 18 klubetako neska-mutilak arituko dira pilotan, Astelenan eta Amañako frontoian. Zazpi jardunaldi izango dira guztira (maiatzaren 10, 17, 24 eta 31n, eta ekainaren 7, 14 eta 21ean), eta egun bakoitzean 18 partida jokatuko dira.
Jon Iraola alkateak eskerrak eman dizkie txapelketa antolatzeko ardura beraien gain hartu duten auzokideei, eta zoriondu ere egin ditu, txapelketaren arrakasta dela-eta: “Amañako torneoa gure auzo-elkarteen indarraren eta gazteekiko duten konpromisoaren isla da. Udalarentzat pozgarria da kirola, kultura eta auzoa batzen dituen hitzordua babestea”. Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak hitzordu honen garrantzia nabarmendu du: “Euskal pilotak horrenbeste haur erakartzen dituela ikustea oso pozgarria da. Honelako ekitaldiek, ohitura osasungarriak bultzatzeaz gain, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritzen den kirola sustatzen dute”. Aurkezpena amaitu aurretik, herritar guztiak gonbidatu dituzte partiduak ikustera joan eta pilotaz gozatzera.