Euskal Herri osotik etorritako 400 ikaslek parte hartu dute gaur Durangoko Azokako ekitaldietan
Gaur Ikasle Goiza ospatu da, eta Euskal Herri osoko 400 haur eta gazte egon dira egunpasa. Iruñea, Altsasu, Bera, Baiona, Lekeitio eta Gautegiz-Arteagako ikastetxeetatik egin dute bisita. Esperimentatzeko aukera izan dute gainera: bideojokoak eta bideoklipak sortzen, palindromoekin jolasten, antzerkiaren barne mundua ezagutzen, filosofiara hurbiltzen…
PortaDA! lehiaketan, 546 lan sortuta
Durangoko Azoka hasi aurretik, ikastetxeei beste ekimen batean parte hartzeko aukera eman zitzaien: euskal ekoizpenen azalak bertsionatzea. Portada horien irudiak erabiliz argazkiak egin dituzte, hain zuzen. Guztira 40 ikastetxetan ibili dira sorkuntzan, eta 546 lan bidali dituzte; LHko 14 ikastetxetan 174 irudi sortu dituzte, eta DBH zein Batxilergoko 26tan 372. Itzela izan da aurtengo partaidetza.
Horien artean, bi azal izan dira saria jaso dutenak: LHko mailan Durangoko Kurutziaga ikastolak, Karmele Jaioren Hamabost zauri liburuaren portada birsortuta. DBH mailan Olabide ikastolak, Andrew Norrissen Mike liburuaren azala berreginda.
Bihar, abenduak 8, Gazte EztanDA!
Bihar ere gazteei begira jarriko da azoka. Izan ere, Gazte EztanDA!ren bigarren edizioa ospatuko da. Bazkaria, bingo musikatua eta Katu taldearen gaueko kontzertua antolatu dira espreski. Dena dela, egunean zehar guneetan programatutako ekintza asko ere gazteen interesekoak izango dira. Horren adibide da Izaroren bideoklip estreinaldia, baita Nakar, TOC eta Silitia taldeen disko aurkezpenak ere.
Ekitaldi guztien zerrenda kontsultatzeko: Abenduaren 8ko egitaraua
ARGAZKIAK: Gerediaga elkartea