Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dio gaur Legebiltzarrari

Debabarreneko Pentsiodunen Mugimenduak Eibarren mobilizatzeko deia egin du astelehenerako. Adinekoen Nazioarteko Egunaren bezperan egingo den manifestazioa 12:00etan hasiko da, Untzagatik abiatuta.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dio gaur Legebiltzarrari
2024/09/26 15:15
eta kitto!

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea erregistratu du gaur Gasteizko Legebiltzarrean, “gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren parekoak izatera ailegatzeko, Eusko Legebiltzarrak araudi propioa eztabaidatu eta onartu dezala” eskatzen. Eibar eta inguruko herrietatik joan diren pentsiodunak beste toki batzuetatik joan direnekin elkartu dira Legebiltzarraren atarian, eta ekimenari babesa azaltzeko kontzentrazio jendetsua egin dute. EHPM-ko ordezkariek, bestetik, Herri Ekimen Legegilearen edukia azaltzeko prentsaurrekoa egin dute Parlamentuan.

Debabarreneko pentsiodunek manifestazioa deitu dute astelehenerako

Bestalde, urriaren 1a Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 30a, astelehena aukeratu du egun hori ospatzeko, “adinekook pairatzen ditugun arazoak salatzeko, eta gure beharrak eta eskubideak aintzat hartzeak duen garrantzia nabarmentzeko egun garrantzitsu gisa”. Horrela, Debabarreneko Pentsiodunen Mugimendua osatzen dutenak Eibarren mobilizatuko dira, 12:00etan Untzagatik abiatuta. Mugimenduko ordezkarien berbetan, “foru aldundien eta Gasteizko gobernuaren propaganda eta autokonplazentzia diskurtsoak” salatuko dituzte. Hori dela eta, astelehenean egingo den manifestaziora joateko dei egin diete “herritarrei eta, bereziki, adinekoei eta pentsiodunei, ontzat eta beharrezkotzat jotzen baitugu pentsioak eta zerbitzu publikoak defendatzea, agintean dagoena edozein dela ere”.