Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "Olerkipentsiotan" poesia lehiaketa antolatu du

Datorren urteko otsailaren 15era arteko epea dago lanak aurkezteko.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "Olerkipentsiotan" poesia lehiaketa antolatu du
2024/12/03 11:04
eta kitto!

Astelehenero moduan, atzo pentsio duin eta publikoen aldeko elkarretaratzea egin zen Untzagan, Eibarko Pentsiodunen Taldeak antolatuta, 123 lagunen parte-hartzearekin. 
Bestetik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) Olerkipentsiotan, Duintasuna eta Sormena aldarrikatzen dituen Poesia Lehiaketa abiarazi du, “helduei ahotsa eman eta literatur sorkuntzaren bidez beren eskubideak aldarrikatzeko”. Lehiaketa hau pentsiodun edo 60 urtetik gorako guztientzat zabalik dago, “Euskal Herrian zein diasporan, eta olerkiak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez aurkeztu ahal izango dira”. Azaldu dutenez, pentsiodunen mugimenduaren borrokak ikusarazteko beharrari erantzuteko sortu da proposamena. Parte hartu nahi dutenek 2025eko otsailaren 15era arteko epea daukate lanak bidaltzeko. Argitaratu gabeko lanak izan beharko dira, eta gehienez 75 bertso izango dituzte. Ez da dirurik emango sari gisa, baina irabazleei aitortza egingo zaie, datorren urteko maiatzaren 8an Galdakon ospatuko den kultur jai batean. Lehiaketari buruzko informazio gehiago eta parte hartzeko baldintzak ikusteko HEMEN sakatu.