Euskal Jaialdiak herri-kiroletako ikuskizun bikaina eskainiko du gaur arratsaldean Untzagan
...eta kitto!-k antolatutako Euskal Jaialdia 19:30ean hasiko da eta ordu eta laurden pasatxo iraungo du: “Gustatuko litzaiguke, behintzat, ordu eta erdiren bueltan errenditzea”, dioskue. Aurtengo Euskal Jaialdiak bere ohiko eguna berreskuratuko du oraingoan eta, horrela, San Juan Txiki eguneko arratsaldera bueltatuko da. Ez da aipatutakoa berritasun bakarra izango, “ikuskizun biziagoa” eskaintzeko asmoz, antolatzaileek zenbait aldaketa prestatu dituzte-eta jaialdiko egitarauan, “zaletu eta ikusleen gozamenerako”.
Launa kirolariz osatutako bi taldeen artekoa izango da arratsaldeko lehiaketa nagusiaren ardatza. Ernesto eta Hodei aita-semeak, Txikon eta Kañamares aizkolariekin batera, Udane eta Elene Ostolaza ahizpak izango dira harri-jasotzaileak, eta Karlos Aretxabaleta arabarra eta Mikel Agirre ondarrutarra izango dira Iparraldeko jokoetan. Proba nagusi hori lau zatitan banatu dute, orden honetan jokatzeko: aizkora, harri-jasotzea, txinga eroate eta korrikasaioa. Antolatzaileek diotenez, “egur haundi samarrak izango dira, 1’70 edo 1’80koak, lehia biziagoa eta ikusgarriagoa egin nahi dugulako”.
Lehiaketaren aurretik, dena dela, betiko lez, herri-kirolen erakustaldia ere eskainiko dute. Tartean izango dira egur-mozketaren abildade muestra batzuk, “zutika edo bertikalean egitekoarekin batera, aitzurrarekin ere moztuko dugulako”. 5 metroko altueran egingo den lanarekin batera, harri-jasotzaileak harri ezberdinekin arituko dira, eta Iparraldeko jokoetan, lasto jasotze eta botatze lanak izango dira presente, ingudearekin egingo duten lanarekin batera. Behin torneoa amaituta, harrijasotzaileen agurra eta lasto-botatzea egingo dira jaialdiarekin amaitzeko.