Euskal Jaiko kantu-afarirako tiketak maiatzaren 22rako erosi beharko dira
Datorren asteko eguaztenean, hilaren 22an, amaituko da handik hiru egunera, 25eko zapatuan, Untzagako karpan egingo den Euskal Jaiko kantu-afarirako tiketak erosteko aukera. Beraz, ez laga azken momenturako, tiket barik geratzeko arriskua baitago. Gainera, Klub Deportiboko Kultura batzordeko antolatzaileei ere komeni zaie lehenbailehen jakitea bertan izango den jende-kopurua, horrela eskaerak ere neurrian egin eta azken momentuko presak eta aztoramenduak ekiditzeko.
Tiketak salgai daude Deporreko tabernan hilaren 8tik eta erosteko aukera izango da datorren eguaztenera arte (maiatzak 22). Horrelakoetan urtero egiten duten bezala, bi prezio ezarri dituzte, “merkeagoa, ikasle eta langabetuentzat; eta 5 euro garestiagoa langile eta dirua dutenentzat”.
Kantu-afariaren prezioa 20 eta 25 eurokoa izango da, hurrenez hurren, eta kateringa Harakintzaren ardura izango da. Horko menua honakoak osatuko dute: iberikoak hasteko, entsaladilla errusiarra jarraian, gero txahal sukalkia eta, postre bezala, pantxineta. Edariak eta kafea prezio horretan sartzen dira. Ekitaldiaren barruan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak joko ditu afalduosteko abestiak eta, behin tarte hori behin, Jainaga eta Narbaizaren erromeria-saioa izango da.