Euskal Kopa ahaztu eta ligari ilusioz ekingo dio MEK Eibar Eskubaloi taldeak

Kadeetetako mutilen taldeak Elgoibarko Gojko Vucinic Txapelketa jokatu du
Euskal Kopa ahaztu eta ligari ilusioz ekingo dio MEK Eibar Eskubaloi taldeak
2025/09/10 11:45
eta kitto!

Liga hasi aurretik, MEK Eibar Eskubaloiko taldeak Euskal Kopa lehiatzen aritu izan dira eta emaitzak ez dira eurek espero bezain onak izan. Azken asteburuan, gizonezkoen lehen eta bigarren taldeek eta emakumezkoen talde nagusiak jokatu dute, eta hirurek galdu.

Gizonezkoen lehen taldeak Amenabar Zarautz izan zuen arerio Ipuruan, eta porrot lazgarria jasan zuen, 24-40. Horrela esan dio agur Euskal Kopari eta orain liga hasiko du Fernando Fernandezen taldeak. Ilusioz ekingo diote erronka berriari asteburuan, Hondarribian, Aitor Etxaburu eibartarrak zuzentzen duen Ilcapo Hondarribia Bidasoaren aurka.

Emakumezkoen seniorretako taldeak ere porrota jasan zuen Euskal Kopan: 26-23 Urdanetaren aurka. Taldeak hilaren 27ko asteburuan hasiko du liga eta tartean bi partidu jokatuko ditu: asteburu honetan Kukullagaren aurka arituko da eta datorren asteburuan Euskal Kopako beste partidu bati egingo dio aurre.

 

Harrobiko emaitzak

Gizonezkoen bigarren taldeak ere ezin zuen emaitza positiborik atera Euskal Kopako partiduan, 23-30 galdu baitzuen Basauriren aurka.

Kadete mutilen taldeak, bestalde, 3. postuan amaitu zuen Elgoibarko Gojko Vucinic torneoan. Arrate eskubaloi taldean urteak eman zituen atezaina gogoratzeko antolatzen duten txapelketa da.