Euskal Selekzioa – Palestina neurketa ikusteko autobusak antolatu dituzte Eibartik

Futbol partidua azaroaren 15ean jokatuko da, 20:30ean, Bilboko San Mames zelaian
Euskal Selekzioa – Palestina neurketa ikusteko autobusak antolatu dituzte Eibartik
2025/10/28 18:05
eta kitto!

Armaginak 1940 eta Eibar Palestinarekin elkartu egin dira Euskal Selekzioa – Palestina futbol partidurako autobusak antolatzeko. Neurketa azaroaren 15ean jokatuko da, 20:30ean, Bilboko San Mames estadioan, eta Euskal Federazioak adierazi duenez, dagoeneko  sarrera gutxi geratzen dira salgai.

 

Bi aukera Bilbora joateko

  • Irteera 12:00etan eta itzulera 01:30ean; sarrera barne, Ipar Tribunaren beheko aldean (Herri-harmaila); 45 euroren truke (lehen autobusa bete dute dagoeneko).
  • Irteera 15:00etan eta itzulera 23:30ean; sarrerarik gabe, 12 euroren truke.

Izena emateko zerrendak Depor tabernan daude eskuragarri eta, barixaku honetan (urriak 31), Untzagako arkupeetan egongo dira 19:30etik aurrera, bertan izena eman ahal izateko.

Gainera, partidua hasi aurretik, hainbat ekimen antolatu dira Bilbon. Esaterako, 18:30ean, zaleek ‘Palestinarekin Elkartasuna’ plataformarekin kalejira egingo dute.