Euskalgym Txapelketan ere maila onean jardun zuten Ipurua klubeko gimnastek
Aurreko asteburuan Barakaldon jokatutako izen handiko Euskalgym Txapelketan, Ipuruako oinarri jubenil taldeak oraingoan postu hobea eskuratu zuen senior taldeak baino.
Jubenil taldeak meritu handiko brontzea irabazi zuen, batez ere kontuan izanda taldea denboraldia hasita osatu zela, hiru kide berrirekin: euren arteko koordinazioa gero eta sendoagoa da bi pilota eta hiru uztairekin egiten duten koreografia osatzerako orduan. Zilarretik 0’05 puntura geratu ziren.
Senior taldeak, bere aldetik, laugarren postua eskuratu zuen, 25,350 punturekin, eta lehiaketan ondo jardun bazuen, Galan egindako lanak 8.500 ikusleen txalo zaparrada jaso zuen.
Barakaldon izan zen hirugarren taldeak, oinarri infantil mailakoak, Zaragozan hilaren 21etik 24ra jokatuko den Espainiako Txapelketan izango dute hurrengo erronka.
Asteburuko agenda
Asteburu hau ere bete-betea dizango dute Ipuruako gimnastek. Horrela, zapatuan Azpeitian Gipuzkoako oinarrizko eta taldekako txapelketan izango dira aurrez aipatutako hiru taldeak; eta domekan Euskadiko taldekako txapelketa eta oinarrizko bakarkako Koparako sailkapena izango dira jokoan Gasteizen, senior taldearen eta Maddi Teranen parte-hartzearekin.