Euskara-ordenantzaren alegazioei erantzungo die udalbatzarrak
Gaur (astelehena, hilak 30), 19.30etan Udalbatzarra egingo da udaletxean eta, batzarrerako prestatu duten gai-ordenari jarraituta, iazko abenduaren 3an udalean aho batez onartu zen euskararen erabilerarako Eibarko Udal Ordenantzari EAJ-k aurkeztutako 19 alegazioei erantzungo diete. Horren harira, jeltzaleek aurkeztutako alegazioak "itxurakeria hutsa" direla uste dute EH Bilduko udal ordezkariek, gai honi buruz pentsatzen dutena azaltzeko helarazitako idatziak jasotzen duenez: "19 alegazio aurkeztu ditu EAJk, araudiak berak jaso ezin dituen aldaketak dira asko. Hau da, EAJk berak 1982an diseinatutako Euskararen Legeak berak onartzen ez dituen baldintzak. Ezin izan dugu alegazio hauen ganorazko azalpenik entzun, ez dakigu eta oinarrian protagonismo-nahia edo ezjakintasuna dagoen".