“Euskara(z) eroso” ikasturteari hasiera emango diote Eibarko AEK-n

Eguaztenean aurkeztuko dute 2026-2027ko ikasturtea Untzagan, mokadua, musika, talde-argazkia eta grafiti-murala tarteko.
“Euskara(z) eroso” ikasturteari hasiera emango diote Eibarko AEK-n
2026/09/21 12:48
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko AEK-k 2026-2027ko ikasturtearen aurkezpena egingo du eguaztenean, irailaren 23an, Untzagan. “Euskara(z) eroso” lelopean, mokadua, musika, talde-argazkia eta grafiti-murala izango dira arratsaldeko protagonistak.

Aurkezpenarekin batera, AEK-k 50 urteko ibilbidea ere ekarriko du gogora. Izan ere, aurtengoa urteurren berezia da euskaltegi-sarearentzat: 1976-1977ko ikasturtean hartu zuen AEK-k gaur egungo izena eta Euskal Herri osoan antolatzen hasi zen.

Aurtengo kanpainaren leloa aurreko ikasturteko bera da: “Euskara eroso ikasi eta bizi”. AEK-k azaldu duenez, euskararen ikaskuntza erosoagoa eta eskuragarriagoa izatea du helburu, eta euskara ikasteaz gain, dakitenek hobetu eta praktikatzeko aukera ere nabarmendu du.

Eibarren ere, beraz, ikasturte berriari ekiteko hitzordua prestatu dute. Matrikulazio epea irailaren 30ean amaituko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, zuzenean AEK euskaltegira (Sostoatarren, 1-1) joan daiteke (Bulego ordutegia: 09:30-13:30 / 16:00-19:00) edo, nahiago izanez gero, 943 201379 telefono zenbakira deitu edo 607 534 357 WhatsApp zenbakira mezua idatzi daiteke.