Euskaraldiaren Gune Ibiltaria Eibarren izango da eguenean

Toribio Etxebarria kalean ipiniko dute, 17:30etik 20:30era, eta bertan izena emateko. eta merchandising-a erosteko aukera egongo da
Euskaraldiaren Gune Ibiltaria Eibarren izango da eguenean
2025/03/25 13:29
eta kitto!

Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta dagoeneko zabalik dago herriz herri izena emateko epea. Laugarren edizioa da aurtengoa, eta aurreko aldietan bezala ahobizi eta belarriprest gisara parte hartzeko aukera izango dute norbanakoek euskararen erabilera bultzatzeko egingo den ariketa sozial masiboan. Ahobizi papera hartzen dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, baita beti lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Belarriprest gisa izena ematen dutenek, berriz, euskara dakitenek harekin euskaraz hitz egitera gonbidatuko ditu. Izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunean dagoen formularioa betez egiten da.

Hortik kanpora ere, eguenean (hilak 27) izena emateko aukera egongo da Eibarren,  Euskaraldiaren Gune Ibiltaria gurean egongo da eta. Toribio Etxebarria kalean ipiniko dute, 17:30etik 20:30era. Gainera, Euskaraldiko merchandising-a erosteko aukera egongo da.
Herritarrek Euskaraldian izena emateko epea zabaldu dela iragartzeko Euskal Herri mailako ekitaldia egin zuten orain egun batzuk Gasteizen, eta bertan eman zituzten ezagutzera edizio honetako nondik norakoak. Esandakoari jarraituz, behin izena emanda, aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte-hartzaileek. Horretarako, batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen Euskal Herriko herri eta txoko guztietan. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz.