Euskaraldiaren Gune Ibiltarian bildu ziren atzo Eibarko hamaikakoa osatzen duten kideak

Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta izena emateko eta merchandising-a erosteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek. Internet bidez ere egin daiteke.
Euskaraldiaren Gune Ibiltarian bildu ziren atzo Eibarko hamaikakoa osatzen duten kideak
2025/03/28 11:12
eta kitto!

Euskaraldiko Gune Ibiltaria Eibarren izan genuen atzo arratsaldean, Toribio Etxebarria kalean, eta bertara hurbildu ziren Eibarko Hamaikakoa osatzen duten kideak. Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian izena emateko eta merchandising-a erosteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek. Hauexek dira Euskaraldiko Eibarko hamaikakoa osatzen duten herritarrak: 

Aresatz Usobiaga
Aitor Muniozguren
Davide Cerchi
Elene Otadui
Jol Igartua
Jon Alonso
Josune Garro
Mohamed Fadel
Najiba Benslaiman
Simone Begiristain
Soko Baskaran
 

Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala, esan bezala, maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta dagoeneko zabalik dago herriz herri izena emateko epea. Laugarren edizioa da aurtengoa, eta aurreko aldietan bezala ahobizi eta belarriprest gisara parte hartzeko aukera izango dute norbanakoek euskararen erabilera bultzatzeko egingo den ariketa sozial masiboan. Ahobizi papera hartzen dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin une oro euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, baita beti lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Belarriprest gisa izena ematen dutenek, berriz, euskara dakitenek harekin euskaraz hitz egitera gonbidatuko ditu. Izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunean dagoen formularioa betez egiten da.

Behin izena emanda, aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte-hartzaileek. Horretarako, batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen Euskal Herriko herri eta txoko guztietan. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz.