Euskararen Egunean jendearen argazkiekin mosaiko erraldoia osatuko da
Abenduaren 3an Euskararen Eguna dela-eta, aurten euskarari aurpegia ipini nahi diote herriko euskalgintzako ordezkariek (Udalak, AEK eta udal euskaltegiak, …eta kitto! Euskara Elkarteak eta herrian euskalgintzan diharduten gainontzeko elkarteek) eta, horretarako, egun horretan udaletxeko patioan argazkia atera, euskararekin lotutako gogoetak idatzi eta, nahi izanez gero, megafoniatik irakurtzera animatu nahi dituzte herritar guztiak. Gaur (astelehena, hilak 18) eguerdian prentsaurrekoan azaldu dutenez, egunean zehar ateratzen diren argazkiekin mosaiko itxurako murala osatuko dute eta, horregatik, eibartar guztiak bertatik pasatu eta argazkia ateratzeko animatu nahi dute, "zenbat eta jende gehiago gerturatu, hobeto".
Horrekin batera, euskeraren inguruko mezu laburra idazteko aukera eskainiko zaio jendeari: "Mezuak anonimoak izango dira eta Twitter eta Facebook bitartez zabaltzen joango gara. Egunean zehar udaletxeko balkoian megafonia martxan egongo da eta ekitaldian parte hartzen dutenek beste norbaitek idatzitakoa mikrofonotik irakurtzeko aukera izango dute, kalean dabilen jendeak entzun dezan".
Abenduaren 3an egun osoan egongo da argazkia ateratzeko aukera, goizeko 09.00ak aldera hasi eta 19.00ak arte. Beste urte batzuetan lez, goizean batez ere ikasleak gerturatzea espero dute antolatzaileek, baina edozein modutan ekitaldia herritar guztientzat zabalik egongo da egun osoan.