'Euskarari Puzka' elkartasun kanpaina abian du Errigorak
Agerreko uzta, euskarari puzka. Hori da Errigoraren aurtengo udazkeneko kanpainaren leloa. Atzo, urriak 23, aurkeztu zuten Bilbon. Bertan izan ziren Bizkaiko Euskalgintzako hainbat aurpegi ezagun baita Oihana Barta edota Jose Angel Iribar ere. Urriaren 24an hasiko da kanpaina eta azaroaren 14ra arte luzatuko da. Saski bakoitzaren balioaren %25a Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute.
Haizea Lizarbe Errigorako kideak Ager eremuan egiten ari diren lana goraipatu zuen eta elkarlanaren indarra ere nabarmendu zituen: “Agerrean euskara hasia da loratzen eta horregatik jarraitu behar dugu ureztatzen, indarrez eta osasuntsu hazi dadin. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaliko diogu denon artean puzka!”.
Bide beretik jo zuen Iribarrek, auzolana euskaldunen ondarea dela esanez, “Euskararen lurraldea zabala da, geroz eta zabalagoa. Euskararen aurkako diskurtsoak, ordea, inoiz baino hedatuagoak daude. Egoera horren aurrean, auzolana da gure babeslekua. Bilbon edo Kaskanten, elkartasunez erantzun behar diogu euskarak dituen beharrei. Errigorak ariketa aproposa eskaintzen digu euskalzaleoi horretarako".
Oihana Bartrak Agerrek eta Bilbok duten berdintasunak nabarmendu zituen, euskara eta haren aldeko mugimenduak batez ere. Begirada altxatzea “beharrezkoa” dela esan zuen. “Guretzat Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza indartzea bada euskara bera indartzea, bere osotasunean”. Horregatik Euskari puzka kanpainak Bilbon duen ohiartzuna handitzeko konpromisoa hartu du. Kanpainak irauten duen bitartean Bilboko auzoetan egongo dira.
Berritasunekin dator udazkeneko kanpaina
Iaz 10 urte bete eta gero berritasunekin dator aurten Errigora. Hiru saski egongo dira aukeran, hau da, lehengo formatura itzuliko dira. Dagoeneko ezagunak diren saski beltz (55 euro) eta berdeari ( 65 euro), zuria ordezkatuko duen saski gorria (75 euro) gehitu diote. Hori gutxi ez, eta saskietan bertan zenbait produktu berri sartu dituzte: Beltzea ilarrak eta tomate naturala, berdean txokopipitak eta gorrian ardo txuria, matekadak eta turroia. Horrez gain, saskiekin batera Agertuz karta jokoa eskatzeko aukera egongo da 5 euro gehiago ordainduta. Zehaztu dute jokoa gehigarri bat dela, ezingo dela soltean eskatu.
Eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 14a da eta saskiak azaro amaieran eta abendu hasiera banatuko dituztela esan dute. Eskaerak egiteko Errigoraren webgunea erabiltzea “lehentasuna” dela esan dute biderik “eraginkorrena eta sinpleena” delako. Hala ere, hainbatek Interneta erabiltzeko duten zailtasunaz jakitun, ohiko bidea mantenduko dute. Kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez egin daitezke eskaerak. Horiek herrietako arduradunari eman beharko zaizkio.