"Euskaraz bizi nahi dut" film laburren lehiaketa abian
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren barruan, film laburren lehiaketa antolatu du. Helburua, euskaraz bizitzeko nahia filmaren bitartez irudikatzea da eta, horri jarraituta, euskaraz bizitzeko nahia izango da lanetan landu beharreko gaia. Lanak euskaraz aurkeztu beharko dira, wmv, mov, mpeg edo flv formatuan eta erresoluzioari dagokionez, gutxienez 1280 x 720 (HD Ready) eta gehienez 1920 x 1080 (Full HD) erabili beharko dira. Filmak gehienez 10 minutuko iraupena izango du.
Parte hartu nahi duenak interneteko plataformaren batera igo beharko du filma (Vimeo, Youtube edo Daylimotion-era) eta horren lotura bidali beharko du, bere datu pertsonalekin batera, info@euskarazbizinahidut.org helbidera. Bete beharreko baldintzei jarraituta, Creative Commons lizentziapean sortutako lanak izango dira guztiak. Lanak martxoaren 18ra bitartean jasoko dituzte eta sari-banaketa ekitaldia martxoaren amaieran egingo da. Bi sari banatuko dituzte: lehenengo geratzen den lanaren egileak 2.000 euro jasoko ditu eta bigarrenaren egileak, berriz, 1.000 euro.