Euskarazko literatura erotikoari buruzko mahai-ingurua egingo da eguenean Arrate Kultur Elkartean
2023/07/04
11:22
eta kitto!
UEUren 51. Udako Ikastaroen barruan, euskarazko literatura erotikoaren inguruko saio-osagarria egingo da Eibarren, Arrate Kultur Elkartearen lokalean, eguenean (uztailaren 6an), 18:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “literaturaz eta euskarazko errealitateaz jarduteko hiru idazle etorriko dira, mahai inguru eder batean gaia partekatzera: Rafa Ugalde Dimako eta Arratiako Kalenturetan gogotik aritua, Josune Muñoz Skolastikako sortzaile eta olerki erotiko biltzailea eta Tere Irastortza Bergarako Idazle Eskolako gidari eta olerkari aski ezaguna. Hiru artista hauek eramango gaituzte, gorputzak eta buruak bat egiten duten horretara. Ongi etorri Orri Bustietara”. Saioa irekia eta doanekoa da, ez da izena eman behar.