Euskelga: “Musikan arraroa da denbora guztian purista izatea; aspertzen bazara, grazia galtzen du”
Marta Zubiaurre, Luis Arias eta Jose Chazo dira taldeko kideak eta lehenengo biekin egoteko aukera izan genuen Galiziako Etxean. Gogotsu daude taldeak hasi duen ibilbide berriarekin, eta folk doinuekin Urkizu dantzan jartzeko asmoz daude. Horretarako, errepertorio berezia prestatu dute.
Denbora batez zuen jarduna eten ondoren, berritasunekin itzuli da Euskelga. Zergatik bueltatu zarete berriz eszenatokietara?
MARTA: Euskelgak 2015 inguruan hasi zuen ibilbidea eta, orduan, Luis eta biok taldean geunden. Gero, 2018an, taldea laga nuen arrazoi pertsonalengatik, eta arrazoi pertsonalengatik taldera itzuli naiz berriz ere.
Luis, besteok taldean jarraitu zenuten?
LUIS: Bai, jarraitu egin genuen, oztopoak oztopo, pandemia izan genuelako tarteko. Martak laga ondoren, Johnny irlandarra joan zen, eta trantsizio unea bizi izan genuen. Gorabeherekin, pazientzia izan genuen eta bapatean Jose Chazo agertu zen. Bultzada eman zion taldeari eta, gero, Marta etorri zen. Zaila da talde amateurra sortu eta jarraitzea, are gehiago hemen hain ezaguna ez den musika egiten baduzu, eta gurekin zenbiltzan trikitilariak eta perkusionistak taldea laga ondoren, Chazoren eta Martaren bultzadarekin aurrera egin dugu hirurok.
MARTA: Gogo askorekin itzuli naiz taldera eta Chazok ere demaseko gogoa dauka. Beraz, aurrera egin nahi dugun hiru lagun elkartu gara eta lan handia egin dugu errepertorioa osatzen. Lehen jotzen genituen abesti batzuk hartu ditugu, baina beste bertsio batzuk prestatu ditugu. Orain nik abesten dut (lehen Johnnyk egiten zuen) eta motibagarria da.
Orain lehen baino lagun gutxiago zaudete taldean. Nola moldatzen zarete? Taldearen izaera aldatu da?
MARTA: Lehen, agian, Irlandako folk tradizionalagoa egiten genuen.
LUIS: Lehen aipatu dudan trantsizio momentu horretan Javi Basterretxea sartu zen taldean (ez dakigu berriz taldera itzuliko den ala ez) eta, folk mundutik ez zetorrenez, beste bide bat ireki zigun. Pink Floyd, Nirvana eta beste talde batzuren abestien bertsioak egiten hasi ginen. Horri esker taldea aldatzen joan zen eta, musika tradizionala egiteaz gain, beste gauza batzuk jotzen ditugu. Musikaren munduan arraroa da denbora guztian purismoari eustea; aspertzen bazara, grazia galtzen du.
Pink Floyd eta horrelako taldeen abestiak jotzen dituzue, baina folk estiloa emanez?
MARTA: Hori da, fusionatuta. Horrez gain, letrak euskaratu egin ditugu. Bestetik, ‘Arratsalde honetan’ abestia ia prest dugu. Gantxoa behar da. Azkenean, gustora jotzea da kontua. Musika tradizionala ere eskaintzen dugu, baina dena uztartzen dugu.
LUIS: Estilo askotako abestiak jotzen ditugu, baina zentzu batekin eta folk doinuz inguratuta.
Ibilbide berria indarrarekin hasi duzue, kontzertuzerrenda luzearekin. Horrek motibatzen zaituzte?
LUIS: Gu mugitu behar izan gara kontzertuak lortzeko eta, egia esan, ez dugu kontzertuekin ito nahi. Hau denborapasa da guretzat. 20 urte inguru genituenean edonon eta etengabe jo nahi genuen, asko sakatu genuen eta, azkenean, dena hautsi zen. Orain lasaiago gaude eta gustatzen zaigulako jarraitzen dugu, baina mugak jarri ditugu, ez gara gehiegi emozionatu kontzertuak programatzeko orduan, eta horrela jarraitu nahi dugu. Gure musika erakutsi nahi dugu, baina agobiatu barik.
MARTA: Helburua gozatzea eta taldeak dituen gastuak estaltzea da. Taldetik kanpo lana, familia eta bestelakoak ditugu, eta Euskelgarekin gozatzea da nahi duguna. Niretzat taldea da neure denborapasa, eta Luisekin eta Chazorekin denbora pasatzea oso atsegina da.
Taldearen lehengo etapan diskoa ere grabatu zenuten. Beste martxa bat zenuten?
LUIS: Gure asmoa maketa bat egitea zen, baina emaitza asko gustatu zitzaigun eta diskoa grabatzea erabaki genuen. Diskoa grabatzea ez da gauza makala eta baliteke gero etorri zen etenaldiaren arrazoietako bat izatea.
MARTA: Azken neurrian, sasoi horretan denok ez genituen helburu berdinak. Batzuk gehiago nahi zuten, musikaz bizi, eta beste batzuk gozatzea besterik ez genuen nahi. Orduan, konpromiso-maila ezberdina da. Orain, guretzat nahikoa da ondo pasatzea. Estadioak bete edo jaialdi handietan jo nahi baduzu, lan asko egin behar duzu.
Itzulerako lehen kontzertua Elgoibarko Derry tabernan jo zenuten San Patrizio egunean. Zer moduzko esperientzia izan zen?
LUIS: Egun hori markatuta geneukan taldearen itzulerarako eta kontzertua espero baino hobeto irten zen. Taberna batzuetan zaila da jotzea, jendea beste gauza batzuetara dagoelako, baina kontzertu horretan jendeak dena eman zuen.
MARTA: Gainera, ekipoak oso ondo funtzionatu zuen eta ondo entzun zen. Oso pozik amaitu genuen eta erantzun bikaina jaso genuen. Jendea oso motibatuta egon zen.
Zuen musikak, berez, asko animatzen du giroa, ezta?
MARTA: Abesti batzuk lasaiak dira, baina beste batzuk badira jai-girokoak.
LUIS: Horrelako musika ondo egokitzen da tabernetara, baina hori publikoaren araberakoa da baita ere.
Eta Urkizuko parkea nola egokitzen da zuen musikara?
MARTA: Arratsaldeko 18:00etan joko bagenu, agian ez litzateke giro aproposena egongo gure kontzerturako, baina 21:00etan jotzen dugu, poteo orduan, eta jendea girotuta egongo da.
LUIS: Dia das Letras Galegas jaietan demaseko giroa sortzen da, jendea jaiez gozatzeko gogoz dago eta, inguruan jendea berbetan egongo bada ere, gustatuko zaiela uste dut. Gogotsu nago. Ekipo potentea eramango dugu, ondo entzungo dela uste dut eta kalean joko dugu, eszenatokira igo barik. Beraz, atsegina eta hurbila izango dela pentsatzen dugu.
Errepertorio aldetik, nolako kontzertua izango da?
MARTA: Gorabeherak dituen errepertorioa prestatu dugu.
LUIS: Momentu batzuetan publikoa animatuko dugu, gero lasaitu, animatu berriz, eta horrela.
MARTA: Hori bai, goi-goian amaituko dugu, hori ziur.
Publikoarekin hartu-emana edukitzea garrantzitsua da? Euren erantzunak eragiten dizue?
MARTA: Elgoibarren, adibidez, batzuk topera dantzatzen ibili ziren eta bideoan grabatu zituzten, baina momentu horretan ni ez nintzen jabetu, kontzentratuta nengoelako.
LUIS: Ni fijatu nintzen eta atentzioa deitu zidan. “Oso ondo, hori da egin behar dena”, pentsatu nuen. Dantza egitea irteten bazaizu, aurrera, dantza egin! Batzuk nahiago dute geldirik egon musika entzuten, eta ondo dago hori ere.
MARTA: Gure alboan ahots ozenez berbetan gelditzen direnak dira gogaikarrienak (barreak). Normalena da jendea adi ez egotea momentu oro. Horregatik, abesti ezagunago batzuk jotzen ditugu, gantxo bezala, eta jendeak arreta gehiago jartzen du momentu horretan.