Euskeraz idatzitako Nanoipuin Lehiaketa antolatu dute Udalak eta euskaltegiek
2019/01/31
11:34
eta kitto!
Udalak, Udal Euskaltegiarekin eta AEK euskaltegiarekin lankidetzan, Nanoipuin lehiaketa antolatu du. Lehiaketan parte hartu nahi duenak pasadizo barregarriren bat, ezustekoren bat, amodio konturen bat... kontatu beharko du, beti ere gehienez 200 karaktere (bost lerro inguru) erabilita eta, jakina, euskeraz idatzita. Bestela, estiloa eta gaia libreak dira, baina ideia modura antolatzaileek proposatzen dituztenen artean oporretan gertatutako pasadizoren bat, tren-geltokian aspaldiko laguna ikustean sentitutakoa, ezustekoren bat, amodiozko konturen bat… daude. Nahi duenak har dezake parte lehiaketan. Lanak jatorrizkoak izan beharko dira eta PDF testu formatoan aurkeztea eskatzen dute. Posta elektroniko bidez jasoko dituzte euskaltegia@eibar.eus, eibar@aek.eus edo euskara@eibar.eus helbideetan eta, horrez gain, Juan San Martin Liburutegian lagatzeko aukera ere badago. Lanak entregatzeko epea otsailaren 24an itxiko dute. Behin epea itxita, jasotako nanoipuinak www.eibarko-euskara.eus webgunean ipiniko dituzte irakurgai eta hortik aurrera botoa emateko aukera egongo da. Sari bi banatuko dituzte: epaimahaiaren saria (irabazleak Coliseoko emanaldi batetarako bi sarrera, Armagintza Museorako bi sarrera, eta Udalaren hainbat argitalpen jasoko ditu) eta jendearen botoen arabera erabakiko dena (Armagintza Museorako bi sarrera eta Udalaren hainbat argitalpen jasoko ditu irabazleak). Informazio guztia www.eibar.eus helbidean aurkituko duzue.