Euskerazko zinemari buruzko ikerlanari eman diote XIV. Juan San Martin beka
2019/11/27
18:29
eta kitto!
Gaur eman dute ezagutzera XIV. Juan San Martin beka nori esleitu zaion: Josu Martinez bilbotarrak aurkeztutako "Irudiz eta euskaraz" izenekoa aukeratu du epaimahaiak aho batez, deialdira aurkeztu diren 11 proiektuen artean. Gizarte eta Kultur Antopologian lizentziatua eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea da bekaren onuraduna. Aurtengo deialdian landuko den ikerketa esparrua historia izango da eta Josu Martinezek aurkeztutako proiektuak, “Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza”, euskarazko zinemaren historia aztertuko du, hain zuzen ere. Orain arte, ez da sekula idatzi euskarazko zinemaren historiarik eta lan horrek hutsune hori bete nahi du. Filmak eta autoreak beraien garaiarekin elkarrizketan jarriz, zazpigarren arteak euskararekin izandako harremana aztertuko da, eta horretarako, hamarkadaz hamarkadako ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatuko da.