Eusko Jaurlaritzak kultura sustatzeko ematen dituen dirulaguntzak uztailaren 26ra arte eska daitezke
Literaturan, sektoreko sortzaileek (idazketa, ilustrazioa, itzulpena) eta argitaletxeek har dezakete parte, eta laguntzak Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpo liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko dira.
Arte eszenikoetan, konpainia profesionalek egin dezakete eskaera, ikuskizunak (antzerkia, dantza, zirkua) sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko.
Musika alorrean, EAEko musika-taldeen edota musikarien proiektuak hartuko dituzte kontuan. Kasu honetan, errepertorioaren %75 baino gehiago euskaraz izatea eskatzen da. Laguntza hauek zehazki zuzeneko zirkuituetan sustapena, merkaturatzea, nazioartekotzea eta banaketa-proiektuak finantzatzeko dira.
Eta arte plastikoen alorrean, euskal artisten lana zabaltzeko, EAEtik kanpo egiten diren nazioarteko arte-azoketan arte-galeriek parte hartzeko dira dirulaguntzak.