Ez da miraririk egon eta SD Eibar-ek Bigarren Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian

Eibartarrek Castellón galdu zuten eta atzo eman behar ziren emaitza guztiak gaizki irten ziren
Ez da miraririk egon eta SD Eibar-ek Bigarren Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian
2026/06/01 12:13
Ekhi Belar Errasti

Hypermotion Ligako azken jardunaldian, SD Eibar-ek miraria behar zuen Lehen Mailara igotzeko play-offean sartzeko, baina ez zen gertatu. Eibartarrek Castelló izan zuen arerio, igoera faserako borrokan zuen lehiakidea, eta poza etxean geratu zen, armaginek burumakur itzuli behar izan zutelarik.

Oso lehia bizia jokatu zen Castalian eta partida etxekoen alde jarri zen lehen zatian. Pablo Santiago eibartarrak gidatuta, Castellonek eibartarren atea bilatu zuten lehen minututik eta saria atsedenaldira iritsi baino pixka bat lehenago iritsi zen, Alex Calatravaren hanketatik.

Eibartarrak, ostera, ez ziren kikildu eta aurrera egin zuten bigarren zatiaren hasieran. Horrela, Jose Corpasek berdinketa jarri zuen markagailuan. Ostera, beste partiduetan ematen ari ziren emaitzak ez ziren batere positiboak eibarrentzat (Burgosek, Las Palmasek eta Malagak ez zuten hutsik egin), eta Castellóra gerturatu ziren zaletu eibartarren animoak itzaltzen joan ziren poliki-poliki (azken unera arte taldea babestu zuten arren). Baita taldearen indarra ere.

Javi Martonek Eibarren bigarren gola egiteko aukera zoragarria eduki zuen, baina ez zuen baloia errematatzen asmatu eta minutu batzuk geroago Israel Suerok bigarrena sartu zuen etxekoentzat.

Markagailua ez zen gehiago mugitu eta, horrela, denboraldia amaitu da Eibarrentzat. Lehen itzuli oso kaskarraren ondoren, bigarrenean eibartarrek oso lan ona egin dute eta igoera postuak gertu izan dituzte, baina ez da nahikoa izan. Dena dela, aho zapore gozoa laga dute zaleen artean eta hurrengo denboraldiari itxaropentsu begiratzen diote.