Ezpeleta eta Basozabal Urrezko Binakako azpitxapeldun

Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste izan ziren irabazleak
Ezpeleta eta Basozabal Urrezko Binakako azpitxapeldun
2024/02/27 09:52
eta kitto!

Hodei Ezpeleta “Bihurri”k eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal”ek oraingoan ezin izan zuten iaz irabazitako Urrezko Binakako Txapelketa berretsi, eta oraingoan bigarren geratzearekin konformatu behar izan zuten. Hala ere, lan bikaina egin zuten azpitxapeldunek, amore eman behar izan bazuten ere Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste txapeldunen aurrean.

Azpeitiko Izarraitz frontoian jokatutako txapelketaren finalean Vicente-Etxebeste bikoteak 22 minutu eta 49 segundoko denbora behar izan zuen markatutako lanarekin amaitzeko, eta 46 segundotara geratu ziren eibartarra eta Basozabal. Azken horiek, 45 ontzako lehenengo enborra mozten azkarrenak izanda ere, ondoren txapeldunen atzetik joan ziren lehian.

Hirugarren postuan geratu ziren Eneko Otaño eta Julen Larrea, irabazlearengandik 4 minutu eta 2 segundora.